Multiverse, Donostiako adarbakar teknologikoa (AA eta kuantikaren artean)
2019an Donosrian sortutako enpresa da Multiverse Computing. Txiki hazi zen, baina 2026an "adarbakar" edo unicorn teknologiko bat da, balioz 1.000 milioi eurotik gora omen da, eta langilez 480 enplegatura iritsi da. Eta zer egiten dute? Konputazio kuantikoaren printzipioak aplikatu adimen artifizialaren garapenean, nonbait.
Miramongo teknologia parkean egoitza izateaz gain, bulegoak ditu Toronton (Kanada), San Frantziskon (AEB), Munichen (Alemania), Parisen (Frantzia), Londresen (Erresuma Batua), Milanen (Italia), Bartzelonan (Katalunia) eta Zaragozan (Espainia). Euskal erakundeen kutuna ere bihurtu da, eta aurten jaso du Torontoko bulegoan Gipuzkoako Ahaldun nagusiaren bisita, eta berriki Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailarena Donostian.
Goiko irudian Multiverseko lau exekutibo, Ubarretxenaren ezkerretara Enrique Lizaso eta eskumatara Roman Orus daudelarik, lau fundatzaileen artean bi (beste bi fundatzaileak dira Samuel Mugel eta Alfonso Rubio, baina ez daude argazki horretan, CC-by Irekia).
Exekutibo horien arteean Enrique Lizaso da CEO eta hain zuzen ere hitzaldia eman zuen joan den astean Donostian. Kurrikulum ikusgarriko enpresaria da Lizaso; bi doktoradutza medikuntzan eta filosofian, matematikan lizentziatura, MBA bat, eta hegazkinak pilotatzeko titulua ere bai. Multiverse Computing-en aurreko bere lana nagusiki finantza alorrean egin zuen.
Multiverseren produktua eta negozio eredua azaldu zuen Lizasok, ez detaile gehiegirekin, baina bai halako lerro honen inguruan: konputazio kuantikoan ari direla ikertzen, eta lerro horrek emaitza zuzen-zuzenik ematen ez duen arren, bertan ikasitakoarekin adimen artifizialren (AA) oinarri diren LLM edo hizkuntza eredu handietan konpresio modu berri eta efikazak ari direla aplikatzen. Honekin, LLMak ezar daitezke erakundeetan pisuz eramangarrtiagoak eta konputazio-gastuz merkeagoak, eta horiek merkaturatzen du negozioa Multiversek. Eredu eramangarriagoekin indarrean %1eko galera izan arren, beste aurrezpen batzuek konpentsatzen omen dute.
Ildo horretatik, joan den astean Quasar 1.1. 430B deritzon produktua aurkeztu zuten, LLM bat. Prentsa oharran diotenez, IBM Quantum ordenagailuarekin egindako lana erabili dute oinarrian, Donostian iaz ezarri den makina. Iragarpenak dio konputazio kuantikoa ez dela ereduaren parte, baina bai eredua eraikitzeko prozesuarena. "Inspirazio kuantikoko aditu-hautapena" aipatzen da, baita ere.
Hori zer ote den ez dute denek argi. Antonio Ortiz AA aditu espainiarra ez da bereziki fio: adibidez "Upgrade kuantikoa" berba aukera hutsala iruditzen zaio Ortizi (terminoa ez dago Multiverseren prentsa oharrean, baina bai txio batean). Halako definizioetan ibili baino gehiago, datu-konparaketak praktikan erakutsi beharko lituzketela dio Ortizek. Eta, bestalde, Multiversek aurkeztu duena "Europako eredu onena" dela esan arren, Ortizek zehazten du eredu txinatar ireki baten bertsio konprimitua dela azken finean (GLM 5.2 eredua, Z.ai edo Zhipu enpresaren garapen bat).
Erantzunak kargatzen...