Teknologia albisteak
1

Eusko Jaurlaritzaren eklipse webguneko maparen desastrea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2026-07-28 : 09:09

Duela egun batzuk aipatu genuen, eklipse totalerako informazio biltzeko albiste honetan, nola Eusko Jaurlaritzaren Eklipsea Euskadi webgunean merkekeriazko mapa bat jarri duten, bakarrik EAEko irudia erakutsita. Egoera "zuzendu" dute nolabait Euskal Herri osoko mapa bat gehituta, baina komatxo artean idatzita zuzendu, ze irten zaiena da Adimen Artifizaleko mapaslop terrible txar bat.

Hemen Eklipsea Euskadi webgune sarreran erakusten zaizun mapa:

Tira, zer kostatzen zen bada Euskal Herri osokoa erakustea, hala nola Euskalmeten?

Ba egin dute zerbait... klik bat haratago, mapa hau ageri da orain:

Proportzio eta neurriak gaizki daude, eta probintzien mugak ere bere kasara asmatuak dira... Lapurdiko eta Gipuzkoako kosta bereziki desastrosoa da, eta Baiona, Donostia edo Mauleren kokapena ere guztiz okerra.

Nolatan egin dute hori? bada webguneko ohartxo batek argitzen digu: "Webgune honek, neurri batean, adimen artifizialeko teknologien bidez sortutako edo editatutako irudiak erabiltzen ditu. Irudi horiek helburu argigarri, sortzaile edo informatiboetarako erabiltzen dira, eta aliteke pertsona, produktu edo egoeren benetako irudikapenak ez izatea."

A, bueno, orduan dena ondo Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren webgune honetan. AA erabili eta urteten jake urteten jakena.

Bide batez, datorren igandetik aurrera, mapa horrek AI/AA marka bat behar luke izan Europako Batasuneko arau berriaren arabera. Laguntzeko asmoz, emen prestatu dugu bat:

Desastreak irauten duen ikusteko, horra Eklipseko webgunea.

Erantzunak

2026-07-28 : 10:37

Albistea irakurri eta jakin nahi nuen ea benetan asko kostatzen den gaur egun ditugun baliabideekin mapa txukun eta zuzen bat egitea. Zehazki 28 minutu behar izan ditut, mapa bera jaisteko behar diren baliabideak barne (https://mastodon.eus/@theklan/116996618301353495).

Egindako pausoak honakoak izan dira:
* Googlen bilatu dut "eclipse total 2026 efemerides zip qgis". Lehen emaitza (AAren laburpenaren azpian) IGNko deskarga zentroa izan da: https://centrodedescargas.cnig.es/CentroDescargas/eclipses.
* Hortik jaitsi ditut zeuden 3 kapak, ez bainekien zeinek zuen behar nuen informazioa.
* QGisekin ireki ditut eta durtot_estandar zen. "Durtot" horrek "duración total" esan nahi duela ematen du.
* Kolore kodeak pixka bat doitu ditut, behar izan ditut 3-4 minutu pozik geratu naizen arte.
* Gaindegiak dituen baliabideetako "herrialdeak.zip" fitxategia jaitsi dut, maparen mugak jartzeko. Koloreekin ere pixka bat jolastu dut.
* Ez nengoenez pozik, itzalena ere jarri diot azpian, mendiak eta hobeto ikusteko.
* Mapan label bat bilatu dut, eta durtot horretan zegoen erantzuna. Mapa errenderizatu dut PNG batean.
* Photoshopekin ireki dut eta bertan jarri ditut gainontzeko legendak. Datuak, txukun eta bere lekuan.
* Maule-Lextarre Donibane Garazi baino iparralderago dagoela konprobatu dut OpenStreetMapen. Ziurrenik egin nezakeen ere QGis erabilita, baina uste dut denbora gehiago beharko nuela eskuz jarri baino.
* Mezua bidali dut, eta Wikimedia Commonsera igo dut: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:2026ko_abuztuaren_12ko_eklipsea_Euskal_Herrian.png
* Dagokion Wikipedia artikuluan igo dut: https://eu.wikipedia.org/wiki/2026ko_abuztuaren_12ko_eguzki_eklipsea

Guztira... 30 minutu. Ez dakit zenbat behar izan zuten AA batek mapa gaizki egiteko, baina ez zen askoz gutxiago izango.

Erantzun

Sartu