Gaur zortzi (abuztuak 2), datorren igandetik aurrera, indarrean sartuko da Europako Batasunaren arteztarau berri bat, zeinak behartuko omen duen slop-a etiketatzera. Hau da, adimen artifizialarekin (AA) sortutako edukiek zigilu ofizial bat beharko dute erakutsi.
Ikonoak hemen dituzue SVG eta PNG formatuetan, erabili nahi badituzue. Guk itsatsi dizkiogu adibideko irudi horri. 2024ko abenduan argitaratu genuen albiste batekoa da, Groken bidez sortua, eta ez geurea baizik eta Beñat Erezumaren prompt batek eragindakoa, Juan Carlos I.a Espainiako erregea bertsotan. Argi gera bedi AA dela gure etiketa gehikuntzarekin.
Arauaren arabera, sorkuntza mailaren arabera AI ikur sinpleak edo AI GENERATED abisu zabalagoa erabili behar da. Partzialki erabili denean AA, ba AI txikia, eta osorik sortu denean, mezu zabala. Hemen dago azalpen bat, baina ez zaigu argiegia iruditu. AI MODIFIED oharra ere esistitzen da.
Deepfake edo kalitate handiko sorkuntzetan erabili behar dira etiketak, edo testuetan gainbegiratze editorial edo legalik ez dagoenean. Salbuespenak daude ere etiketak ez agerrarazteko: AA sorkuntzaren asmoa argiki artistikoa edo satirikoa denean, ageri-agerian dagoenean AA erabiltzen dela, adibidez. Berrikuspen editorial eta legala dagoenean ere ez da beharrezkoa, argitalpen jakin baten ardura argitaratzaileak hartzen badu.
Azken salbuespen honen argitan, uste dugu Sustatuk egin ohi duen sorkuntza hauen erabilpenean ez dugula derrigor etiketarik jarri behar. Juan Carlosen goiko lanean hortaz, sobera daude, eta Beñat Erezumak ere hurrengo sortzen badu beste bat, berak ere ez luke jarri behar. Zergatik? Halakoak sortzen ditugulako agerian geure izenean Sustatuk eta Erezumak, eta biek gainera AA kontuak ilustratzeko: tresnez eta emaitzez ari garela, argi dago AA erabiltzen ari garela.
Bestelakoa litzateke kasua baldin eta beste zerbaitez informatuko bagenu, adibidez autoetan derrigorrezkoa izango dela energia-aurrezpenari buruzko etiketa berri batzuk argitaratzea, eta hori ilustratzeko auto fiktizio baten AA/Slop irudia sartuko bagenu. Kasu horretan bai, etiketa hauek erabili beharko direla uste dugu.
Salbuespen hauek eta erabilera kasuak hemen daude azalduta.
Erantzun
Sartu