Teknologia albisteak

Europako egitasmoa gaztetxoei sare sozialetako sarbidea murrizteko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 08:59

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak egitasmo bat aurkeztu zuen joan den astean, Europako Batasunean mugatuta egongo dadin gaztetxoen sarbidea sare sozialetan. Proposamena onartzen bada, 13 urtetik beherakoek guraso, zaintzaile eta irakasleen begiradapean soilik erabili ahal izango dituzte sare sozialak.

Von der Leyenek bi adituren lan bat aurkeztu zuen, planteamendu zehatz bat gomendatzen zuena. Hemen PDF dokumentu originala (irudia bertatik aterata( eta euskaraz Berriak egindako laburpena

Erabilpen mugak honela defenditu zituen du Von der Leyenek Bruselan: "Kontua ez da haurrek Interneten arriskuei aurre egitea, baizik eta zer egin dezakegu haurrei Interneten hasiera seguruagoa emateko". 13 urteko mugatze ia erabatekoa, urtez urte modulatuko zen nerabeen artean sarbide mailakatuak ezarriz, Von der Letenek esan zuenez, baina guztia proposamenen alorrean dago oraindik. Europako Batzordeak proposamen zehatza irailean aurkeztuko du.

Orain arte nazioartean ezarritako murrizketa nagusia Australiakoa izan da, 16 urtetik beherako debekuarekin 2025 amaieratik. Frantzian tramiteetan dagoen neurrian, 15 urtetik beherakoentzako debekua ezartzekotan dira. Espainian ere egin zen iragarpena 16 urteko adina aipatuz, baina egitasmo moduan oraindik. Euskal Herrian aplikatuko beharko liratekeen neurri frantziar / espainiar hauek beharbada linboan geratuko dira orain, Europako Batasunak onartzen badu 13 urteen muga orokorragoa.

Von der Leyenek adituen datuetan oinarrituta esan zuenagatik, 10-13 urte arteko haurrak dira sare sozialetan kaltetuenak izan daitezkeenak, eta horregatik muga hori. Adin horretan erabilera zaintzapean egiteaz gain, denbora mugatuetan ere egin beharko zen. 13 urtetik aurrera, adin nagusiko izan arte, baimen edo sarbide mailakatuak nola izango ziren ez du adierazi Europako Batzordeak, baina sare edo tresna bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izan daitekeela aurreratu dute. Tresnen desberdintasunetan, Australiako egitasmoa Whatsapp edo Telegram bezalako mezularitza zerbitzuak ez dira beste sare sozialen multzoan sartzen. 

Erantzun

Sartu