Joan den asteko albistea izan genuen, Ipar Euskal Herrian sare sozialak 15 urtetik beherako nerabeentzat debekatuta egon daitezke laster, eta aste honetan etorri da abisua (ez oraingoz gobernu dekreturik edo lege proposamenik) Hego Euskal Herrian ere debekatu ditzaketela, 16 urtetik beherakoentzat (kasu honetan Australian bezalatsu). Espainiako estatuan ezar litekeen neurriaren berri Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak eman du nazioarteko foro batean.
Frantziako estatukoa proiektu legegilea da eta laster onar liteke Senatuan. Espainiakoa, oraingoz, Sanchezen iragarpen bat da, eta ezaguna da efektu-kolpeak ematen oso ona dela burukide sozialista. Aldi berean, nazioarteko agerpenetan Elon Musk-en antagonista nabarmen bezala geratzen ari da Sanchez, Muskek berak amuari kosk egiten diolarik, eta honek balio propagandistiko PSOErentzat ona duela pentsa liteke (Musk Macronekin ere haserretu da bestalde, Frantzian X/Twitterren kontrako erregistroak izan direlako eta Musk bera deitu dutelako deklaratzera Parisera).
Dubai egindako bilkura batean izan zen, eta "sare sozialen arriskuen" inguruan oro har hizketan, neurri posible hauek iragarri zituen:
Azken bi puntuak oso lausoak dira, bigarrenak legearen aldetik idazketa konplikatua izan dezake. Lehena da, nerabeen adinarena, Australia eta Frantziako ekimenekin lotzen dena, baina oraingoz detailerik ez da jakiten. Sanchezek hori bota ondoren, Ernest Urtasun Kultura ministroari galdetu zioten, eta ez zuen ezer argirik gehitu, ezer aurreratu nahi ez zuelako edo akaso ezer ez zekielako.
Frantziako kasuan, gainera, Sanchezek aipatu ez duen kontu bat dago: bigarren hezkuntzako ikastetxeetan mugikorrak murriztea.
Eta beste desberdintasun bat, oposizioaren erantzuna. France Insoumise ezkertiarra azaldu da Macronen proiektuaren kontra Frantzian, eta Espainian aldiz Vox ultraeskuindarra agertu da zeharo kontra.
Sanchezen Dubaiko iragarpenen berri, adibidez hemen.
Erantzun
Sartu