Teknologia albisteak

Iparraldeko lizeoetan mugikorren erabilera asko murriztuko da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:49

Ipar Euskal Herriko lizeoetan (bigarren hezkuntzako ikastetxeetan) mugikorren erabilera murriztea onartu zuen atzo Asanblea Nazionalak Parisen. Sare sozialak 15 urtetik beherakoentzat debekatzeko lege-propiosamenaren barruan zegoen mugikorrak debekatzeko neurria, baina emendakina onartu zen debekua ez zedin izan erabatekoa. Renaissance talde macronistak proposatu du neurria eta atzo alde egin zuten horren alde, Asanbleako zentrista, eskuindar eta sozialista gehienek. Frantzia Intsumituak kontra bozkatu zuen, beste pare batek ere, eta sozialista zenbait abstenitu egin ziren. Hemen albistearen kontakizun bat.

Testuaren onarpena ez da definitiboa Senatura iritsiko baita otsailean, baina antzeko irtengo da. Jatorrizko lege-proposamenaren testua hemen dago, baina aldaketak daude ikastetxeetarako neurrien kasuan. Lehen hezkuntzan eta kolejioetan debekatuta dauden bezala, mugikorrak ere debekatu nahi zituzten bigarren hezkuntzan, lizoetan, baina nolabait murrizketa batean geratu da. Klasean eta korridoreetan debekatuta egongo dira, baina espazio eta ordu batzuk izendatu ahal izango dituzte ikastetxeek baimendutako erabilerako, atzo onartutako emendakin baten arabera. Datorren ikasturtean, 2026-2027 indarrean egon liteke neurri hau, Senatuan onartu ondoren.

Neurri deigarriena, hala ere, sare sozialen debekua da. 15 urtetik beherakoentzat izango da, eta sareek beraiek (Tiktok, Instagram eta enparauek) ziurtatu beharko dute modua erabiltzaile horiei sarbidea ukatzeko, eta dauden kontuak baliogabetzeko. 2026ko abendura bitartean aldaketa gauzatu beharko da. Teknikoki hori nola egin, hori koxka. 

Elkarren-arteko komunikazio zuzenerako tresnak (Whatsapp esan nahi dute horrekin) ez dira debekuan sartuko.

Sare sozialak nerabeei murriztuko dien bigarren estatu inportantea izango da Frantzia. Lehena Australia izan da abenduan, 16 urtetik beherako debekuarekin.

Ikastetxeetako debekuari dagokionez, Hego Euskal Herrian ere bada hori eskatzen duenik, Altxa Burua taldearen ekimenez batik bat.

Erantzun

Sartu