Teknologia albisteak

Ebitatu honelako esaldiak: "AAk hau eta bestea egin dezake"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 12:03

Iaz eman genuen berri gida bat agertu zela AA erabiltzeko hezkuntza munduan, Euskal Herrian egina eta euskarara egokitua. Oraingo honetan, Kamadako guraso batzuek ateratako gida bati erreparatuko diogu Joxe Rojas euskal teknofiloa (edo teknopata, hori baitu izena bere blogak) tarteko. Kanadakotik, adimen artifizialaz hitz egiteko estilo gida bat atera du Rojasek, eta eduki batzuk nabarmenduko ditugu hemen.

Produktuen kasuan, baztertu “AA” eta aipatu produktua bera.

  •  Ez: “AA ikasgeletara iritsi da“.
  • Bai: “Copilot bezalako txatbot produktuak ikasgeletara iritsi dira”.

OpenAIren ChatGPT, Microsoften Copilot edo Googleren Gemini produktuak dira. Ez dira “tresnak”. Produktu horiek sortu dituzte propio merkaturatu duten enpresentzat irabaziak sortzeko.

Ikerketako “AArentzat” erabili “programa” edo “algoritmoa”

  • Ez: “AAk minbizia antzeman dezake”.
  • Bai: “Ikertzaileek programa bat erabili dute minbizia antzemateko”. Edo “ikertzaileek minbiziaren irudi askorekin entrenatutako algoritmo bat erabili dute minbizia antzematen laguntzeko”.

Kasu honetan “AA” zentzurik gabeko nahastea da. Ikertzaileek tresna sortu eta gero erabili egin zuten. Haien lana, seguruenik, beste ikertzaile batzuek gainbegiratuko zuten.

Zentratu pertsonan, ez produktuan

  • Ez: “AAk arazo hori konpon dezake”.
  • Bai: “Jendeak LLM bat erabil dezake erantzuna daukan testu bat sortzeko”.

LLM edo Hizkuntza Eredu Handiek ezin dute arazorik konpondu. Testu bat sortu dezakete, erantzun zuzenaren berdina izan daitekeena. Trukatutako dado batzuk botatzeak sarritan sortuko du emaitza bat “zenbat da 3 + 3” galderaren erantzunarekin bat datorrena. Baina horrek ez du esan nahi dadoek galderari erantzun diotenik. Galderaren erantzunarekin bat datorren emaitza eman dute.

AAk ez dira sortzaileak.

  • Ez: “AAk pelikulak egin ditzake orain”.
  • Bai: “Jendeak produktu batzuk erabil ditzake, beste film batzuekin entrenatutakoak, bideoak sortzeko”.

Azalpena: “AAk” ez du ezer esan nahi. Nor ari da lana egiten? Nondik etorri da informazioa? Idazle batek liburu bat idazten duenean, ez dugu esaten “Microsoft Wordek Eraztunen Jauna idatzi du”.

AAk ez du ulertzen.

  • Ez:  “AAk ulertzen du zer esaten ari den eta erantzun bat eman”.
  • Bai: “Copilot-ek testua sortuko du, zuk tekleatzen diozun horretan oinarrituta”.

LLMek ez dute ulertzeko ahalmenik. Zure telefonoko auto-osatze funtzioak zure emailaren edukia ulertu ezin duen bezala.

Haluzinazioa esaten zaion horren inguruan:

  • Ez: “AAren arazo handi bat maiz dituen haluzinazioak dira”.
  • Bai: “Copilot bezalako produktuak testu sinisgarriak fabrikatzeko diseinatuta daude”.

Gizakiek haluzinatzen dute; LLMek emaitza bat sortzen dute sarrera bati erantzunez. Batzuetan, emaitza horrek bat egiten du errealitatearekin, baina erabiltzen duten algoritmoek ez dute egiaren kontzepturik, baizik eta zer den litekeena edo sinisgarria.

Eta kontu gehiago Teknopatarenean, adibidez AA hype hori guztia ebitatzeko gomendioak... nola marketinak edo publizitateak edozer saltzen dizun AArekin "honetua" baletor bezala.

Erantzun

Sartu