Teknologia albisteak

Martxan den proiektu bat, Euskal Herriko Historia 100 objektutan

Erabiltzailearen aurpegia
2024-08-02 : 08:30

Euskarazko Wikipediak ekimen interesgarri bati ekin dio 2024 honetan. Euskal Herriko Historia 100 objektutan. Ideia hartu zuten wikilari euskaldunek antzeko motiboarekin apailatutako liburu batzuekin. BBC-k eta British Museum Londreskoak Munduaren Historia bat egin zuten 100 objektutan, eta Irlandan bertako egunkari batek antzeko ekimena bultzatu zuen (ingelesez) bertako akademia batekin eta museo nazionalarekin. (Artikulu hau audio formatuan agertu da Ttap agerkari digitalaren uztaileko azken alean; hemen testu eran daukazue).

Gorago aipaturiko bi ekimen horiek, British Museumekoa eta Irlandakoa, nahiko ondo dokumentatuta daude ingelesezko Wikipedian. Euskarazkoan, ordea, kontrako norabidean garatzen hasi da ekimena: Wikipedian aukeratu eta zerrendatuko dira objektuak, eta hortik liburua egin ahal izango da, dena ondo bidean.

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak zenbait museo eta erakunderekin kontaktatu du jada, bakoitzak bere fondoetatik zer proposa dezakeen ikusteko. Dagoeneko, ehun elementuko zerrenda probisional bat badago, eta ekarpenak egin eta eztabaidatzeko espazio bat ere ireki da.

Zerrenda egitea bera, nire iritziz, ariketa intelektual eta kultural interesgarria da eta, wikipedista izan ala ez, denok gonbidatzen ditut bertatik pasatzera, hausnarketa egitera ze objektu kulturalek edo antropologikok edo auskalologikok osa dezaketen Euskal Herriaren historia.

Hor dago noski, Irulegiko eskua, objektu bakan bat. Beste gauza batzuk, hala nola laborantzako laia edo zestapunta, ez dira item bakar batekin ordezkatzen, kategoria batekin baizik. Edo kasu batzuetan, kategoria bat definitu daiteke item zehatz batekin, hala nola proposatu denean Ikurriña, Sabino Aranak diseinatutako bandera, agertzea zerrendan Kortabarriak eta Iribarrek elkarrekin Atotxara atera zuren ikurrin zehatzarekin (gordea baitago Donostian).

Beste objekturen batzuk, berriz, Euskal Herrian sekula egon gabeak izan daitezke: Errolanen olifante edo adarra, ustez Orreagan jo zuena Karlomagnori deitzeko, erlikia faltsu bat Okzitanian gordetzen dena; edo Luis Carrero Blancoren automobila, euskal wikilarien ekimenez berriki Madrilgo koartel militar batean argazkiz dokumentatu ahal izan dena...

Beste batzuk ere esango ditut: Heraclio Fournierren kartak, trikitixa, Crosseta bizikleta, wolframioa, almadia, Isturitzeko xirula, txanpon baskonikoren bat, San Frantzisko Xabierren beso usrtelgabea, Xabiertxo liburua, Euzkadi eta Eguna egunkarien errotatiba, Caracasko konpainia esklabujabearen akzio bat, emakumezkoen burukoa hala nola Mari Domingirena...

Etorri Wikipediako 100 objektuen zerrenda osatzen laguntzera, eta behin ehun objektuak erabakitakoan, haien gainekoak dokumentatzera. Ehun objektuk historia egin zuten, eta egin dezagun guk historia haiekin.

Bisitatu Euskal Herriko Historia 100 objektutan

Erantzun

Sartu