Teknologia albisteak

HezkuntzArtea taldea sortu da EAEko Hezkuntza Sistemako burokrazia eta IKTen erabilera kritikatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:03

HezkuntzArtea Irakasleen Elkargunea sortu du EAEko irakasle talde batek. Taldearen partaide den Tere Maldonado irakasleari Argian egindako elkarrizketa baten bidez eman dute ezagutzera euren burua eta beren erreibindikazioak: burokrazia itogarriarekin lan egiten dela ikastetxeetan, eta teknologia berrien erabilera ikasgelan iruzurra eta traba dela.

IKTen erabilera buruz dio Maldonadok:

"Ikasketa prozesuan gailu horiek guztiak sartzeak ekarri zuen promesa zoragarri hura iruzurra dela gero eta argiago geratzen ari da. Teknologia horiek sarri ez dute ikaskuntza prozesuan laguntzen eta ikaslearen arreta zentratzeko orduan trabak ekartzen dituzte. IKTak tresna bat gehiago dira, baina koadernoak berreskuratu behar ditugu, eskuz idazteko ohitura."

Alde horretatik Altxa Burua guraso taldearen ekimen zoriontzekoa dela deritzo (bigarren hezkuntzako ikastetxeetan mugikorrak debekatu nahi dituzte Altxa Buruakoek).

Alderdi burokratikoak hartzen dien lana ere aipatzen du Maldonadok elkarrizketan, lana irakastea da, edo hori behar luke, baina praktikan egiten dutena da, "jardunaren parte handiena burokrazia erabat antzuari eskaini". Eta gehitzen du:

"(...) Ikasgaitik harago, elkarbizitzari edota diziplinari lotutako kontuekin arazoren bat baldin badago, administrazioan lasai geratuko dira Excelean edo PDF fitxategian txosten andana uzten badugu zintzilik, eta gure betebeharra ez da hori: gure betebeharra da arazoa konpontzea, eta gero bai, egin dugunaren berri ematea, baina modu arruntean, ez eskatzen duten gisan. Nori egiten dio horrek mesede? Ez du zentzurik. Guk denbora behar dugu klaseak prestatzeko, eguneratzeko, egokitzeko, behar bezala zuzentzeko… eta hainbeste formulario bete behar horrek oztopatu egiten du gure zeregina."

Ildo horretatik, abenduan artikulua argitaratu zuen Argian Tere Maldonadok ikastetxeetako zenbait aje teknologiko aipatuz; bereziki, behar burokratikoetarako erabiltzen den teknologia oso txarra dela, programa mediebalak erabiltzen dituztela.

Argazkia: Donostiako Peñaflorida Usandizaga ikastetxea. CC-by-sa, Unai Muñoz, Flickr, Wikimedia Commons.

Erantzun

Sartu