Datorren ostegunean, uztailaren 18an, irekiko da azkenean Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK) Gasteizen. Dagoeneko zabaldu dute IAK.eus webgunea. Gasteizko Udalaren eta Lazarraga Kultur Elkartearen azken hilabeteetako gorabeherak gainditu ziren, eta ekainean 2024ko hitzarmena eta konponbidea sinatu ondoren, berehala lanari ekiteko prest zeudela demostratu dute. Irekiera ekitaldia uztailaren 18an izango da; 18:15etik aurrera egingo dute aurkezpena.
Kulturgunea Ruiz de Bergara jauregian dago kokatua, Errementari kalean Gasteizko alde zaharrean. Jatorriz Pizkunde garaikoa, 1521. urtean eraiki zen. Dagoeneko erabat eraberritua dago, eta jauregia eta Kulturgunearen aretoak hobeto ezagutu nahi dutenentzat bisitaldi gidatuak egingo dituzte bi egunetan, uztailaren 19an eta 22an.
Jardueren programazioa ere prest dago jada, uztailaren 22tik aurrera. Taulara, formatu txikiko antzerki obra eta bakarrizketentzako deialdi irekia. Muina, kultura jardueraren bat gauzatu nahi duen herritar ororentzat zuzendutako proposamen poltsa. Eta Egin Leku, musikari hasiberrientzako plaza.
Izaskun Arrue Kulturgunearen proiektua Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko jaio da. "Kultura-ekipamendu bat izatetik harago, kultura-proiektu integrala izateko bokazioa du, kulturaren kate osoa (sormena, ekoizpena, taularatzea/erakustea, komunikazioa…) landu, eta Gasteizko kultura-dinamika suspertzeko gogoa, euskaratik eta euskaraz", diote beren webgunean.
Gehiago jakiteko: iak.eus
Erantzun
Sartu