Teknologia albisteak

Epaileak atzera egin du Telegram ixteko aginduarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-03-25 : 22:30

Auzitegi Nazionaleko epaileak, Santiago Pedrazek, atzera egin du Espainian Telegram ixteko aginduarekin. Asteburuan 3 orduko epea eman zien Internet zerbitzuei agindua betearazteko, ustez gaur goizean martxan jarri behar zen ordulari bat, baina horren ordez, gaur neurria izoztu du, eta aldiz, Poliziari eskatu dio Telegram ixteak zer ondorio lituzkeen. Tira, itxi balute erabiltzaileek zer egin zezaketen azalduko dugu laburki.

Dabid Martinez teknologia adituak azaldu ditu bere blogean aukera on batzuk, Telegramera sartzea debekatuko baliote bati herrialde jakin batean. Laburbilduz:

  • Ez joan Whatsappera, arren. Beste aplikazio bat erabili nahi izanez gero, erabili Signal.
  • Telegram-eko kanal eta kontaktuak erabili nahiz izanez gero, ez jo Proxyen bidetik, nahiz eta askok aukera hori aipatu duten. Aldiz zure Interneteko nabigazioa VPN baten bidez egin.

VPN batek, laburki, zure Internet konexioaren jatorria (eta beste datu batzuk kasu batzuetan) ezkutatzen edo mozorrotzen du. Adibidez, ePubLibre.org webgunera iristea debekatua dago Espainian: VPN baten bidez irits zaitezke, beste nonbaitetik arituko bazina bezala.

VPN-en alorrean, ordenagailuko nabigazioan Opera nabigatzaileak eskaintzen du erraz konfiguratu daitekeen bat. Firefox nabigatzailerako Browsec VPN luzapena erabil daiteke.

Martinezek berak Riseup gomendatzen du, eta hau Android mugikorretan ere instalatzen ahal da.

Gogoratu Telegram ixteko saiakera Espainiako ikus-entzunezko ekoizle eta banatzaile batzuen kexutik datorrela; ikuskatze piratak posible direlako Telegramen. Egia da, bai, asteburuan aipatu genuen bezala, hor dago Azpititulatuak kanala, zeinean filmak euskaraz azpidatziekin ikus daitezkeen (ikus artikulu honetako pantaila irudia). Joan den astean bezala, oraingoan ere bai ematen duenez. 

Dabid Martinezi eskerrik asko, ondo daude bere gomendioak, irakurri hemen, Argiako blog komunitatean.

Erantzun

Sartu