Teknologia albisteak

Espainiako Auzitegi Nazionalak Telegram ixteko agindu du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-03-23 : 09:03

Telegram mezularitza aplikazioa Espainian ixteko agindu du Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. Lau erakundek jarritako salaketa baten ondorioa da (Mediaset, Atresmedia, Movistar eta Egeda). Salaketaren arabera, egile eskubideak bortxatuz edukiak banatzen omen dira Telegram bidez, eta kasua ebatzi bitartean, kautelazko neurria erabaki du epaileak, Telegram ixtea. Atzo arratsaldekoa omen da agindua, eta orain Espainiako ISP zerbitzuek (Internet konexioa ematen dutenek, hala nola Movistar bera edo Euskaltel, adibidez) agindua bete beharko dute. Larunbat goiz honetan Hego Euskal Herrian Telegram ibili badabil oraingoz, baina hortik irakurri dugu litekeena dela asteburuan funtzionatzeari uztea.

Salatzaileak nor diren ikusita, (Mediaset, Atresmedia, Movistar eta Egeda), bereziki Egeda ikus-entzunezkoen ekoizleen erakundea hortxe dela, pentsatzekoa da ikus-entzunezko espainolen banaketa pirata dela Telegramen ikusi eta salatu dutena. 

Telegram Whatsappen oso antzekoa da, mezularitza pertsonal zuzen eta taldekoarekin, baina harpidetza kanalak sortzeko ere erraztasunak ematen ditu (Sustatuk badu bere Telegram kanala, adibidez). Telegram-en beste aukera bat: erantzun automatizatuetan oinarritutako sistemak, kasu honetan, Elia itzultzaile automatikoari itzulpenak eskatzekoa. Zerbitzu praktiko bat, beste hainbat bezala Espainian indargabetuta geratu daitekeena.

Eta, egia da, fitxategi handi-handien partekatzea ere posible da Telegram bidez. Hain zuzen ere, pelikula osoak ikusgai jarri izan dira, euskarazkoak ere bai Azpititulatuak kanalean (artikulu hau ilustratzeko irudia, web bidezko Telegramen gaur ateratako pantaila irudia, duela 10 egun kargatu zen filmarekin), eta eduki piratak non dauden aurkitzeko kanal batzuk ere badaude. Baina jakina, Interneteko edozein kanal edo bazterretan topatzen ahal dira halakoak. Internet bera ere ixteko eska zezakeen Auzitegi Nazionalak, argudioaren soka pixkat luzatuta...

Erantzun

Sartu