Teknologia albisteak

UEMAren erantzuna EAEko auzitegi nagusiaren azken epaiari

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-10-18 : 16:49

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gogor erantzun dio adierazpen batekin EAEko Justizia Auzitegi Nagusia jakinarazi duen azken epaiari, zeinak EAEko udal legearen euskararen aldeko hainbat neurri legez kanpokotzat kotzen dituen (ikus hemen zerrenda). "Azken aldian gisa bereko epai batzuk iritsi dira, eta guztietan berbera izan da norabidea", dio UEMAk. "Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat."

Hona UEMAren adierazpeneko bi puntu nabarmen:

  • EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak bete-betean eragiten die UEMAk eta bertako kide diren udalek urte askoan jorratutako lan-ildoei: hizkuntza-plangintzari eta kontratazioari, adibidez. Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar. Hori jarri baitu ezbaian auzitegiak: euskararen normalizazioa. Euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzea delakoan. Ez da halakorik: minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko.
  • Sententzia horiek bereziki eragiten diete udalerri euskaldunei, horietan ari baitira hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien. Hori oztopo bikoitza da euskararen indarberritze-prozesuarentzat: batetik, galga jartzen diete euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horren premia; bestetik, euskarak indar handiena duen lurralde-eremuei eragiten diete, eta gune horien premia gorria du euskarak. Udalerri euskaldunek ezinbestekoa dute lege-babesa.

Gainerakoa, osorik irakurri hemen.

UEMAk, beste erakunde eta talde askok bezala, bat egin du Kontseiluak azaroaren 4eako deitu duen manifestazioarekin, zeinak oldarraldi judizial guzti hau salatu nahi duen.

Manifestazio horri begira, hain zuzen, Kontseiluak baliabide digitalen bilduma egin du publiko. Bat egiteko irudiak, moduak... han azaltzen zaizkizue hainbat aukera.

Erantzun

Sartu