Teknologia albisteak

Nola deituko orain Twitterri? Ixa? Ez, ixa ez, behintzat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-08-29 : 14:48

Duela hilabete inguru Twitter ikonoz, izenez eta baita izen eta aditzez aldatu zela, Elon Musk-en erabakiz. X deritzo orain sare sozial eta informatibo ezagunari. Tweet eta Retweet zirenak, Post eta repost dira ingelesez. Eta euskaraz? Sustaturen proposamen editoriala da lehen bezala erabiltzen arraitu dezagula, txioak, bertxiotu... Ixa, behintzat, ezin da izan honi deitzeko modua, ze euskarazko teknologian, aspalditik, beste zera inportante bat da IXA taldea, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-taldea, euskararen tratamendu automatikoan ezinbesteko lanean diharduena.

 

Galdera berriro Iruñe Astiz sare-eragileak ekarri zuen duela egin batzuk:

Orain X izena badu, nola esan beharko genioke:
1) Txioerria
2) Txiokatu
3) Bertxio(tu)

Gure proposamena, txio izena (txio bat), txiokatu eta bertxioatu balekoak dira oraindik. Grafikoki ere X bat tartean duten terminoak izanik, oraindik balio dute.

Tresna bera, esan dugu, ezin da Ixa izan, azaldu ditugun aurrekariengatik. Twitter edo Tuiter esanda edo idatzita, kalterik ez, badakigu zertaz ari garen eta zer esan nahi duen. Kale eta produktu askok aldatzen dira izenez, baina hizkeran izen zaharrekin erabiltzen dira oraindik.

Txioerriari dagokionez, uste dugu Patxi Huarte Zaldieroa izango zela lehenetakoa hori erabiltzen, tarteko H batekin beharbada: Txioherria. Eta kasu honetan euskarazko komunitateari dagokiola iruditzen zaigu. Balekoa, beraz. Eta zentzu zabalagoan, Txiolandia, komunitate eta tresna globala. Zaldieroak ontzat ematen ditu oraindik forma hauek.

Beraz, nahi duen txiolari orok jarrai dezala txioak txiokatzen eta bertxiotzen Txioherri honetan, Twitter, Tuiter edo Txiolandiako euskarazko probintzian.

Eta Mastodonera aldatu nahi duenak, egin beza, noski. Mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus dira sare horren instantzia euskaldunak, eta bertan parte hartzeko pista batzuk hemen dituzue. Oinarrizko Mastodon pilulak txiolari euskaldunarentzat.

 

 

Erantzun

Sartu