Astebeteko epean gertatu da eraldaketa: Interneteko marka ezagunenetako batek bere izen eta logoa atzean utzi ditu. Twitter honezkero X da, naiz eta X.com domeinuak oraindik twitter.com-era daraman. Elon Musk-en azken erabaki ustez arbitrarioa, apenas inongo erabiltzaileren gustukoa izan dena. Baina ez da dena berria kontu honetan... izatez, X.com Elon Musk-en domeinu eta ideia bat izan da 1990eko hamarkadatik. Jarraian kontatzen dugu.
X logoak hartu du tokia webgunean eta aplikazioan. App dendetan, Apple-ekoan bazegoen muga bat aplikazioetan 3 karaktere behar zirela gutxienez, baina X honek salbuespena eskuratu du nonbait. Tweet eta Retweet aditzak desagertu dira eta Post eta Repost deritzote oraindik horiei. Euskaraz, txio, txiokatu eta bertxio aldatzeko motiborik? igual beste mezu baterako utziko dugu hori...
Oraingoz azalduko dugu X edo X.com ez direla, izatez, batere izen berriak.
20. mende amaieratik Elon Musk-ek kontrolpean zuen domeinu bat zen X.com. Bere Interneteko lehen proiektu erdi-arrakastatsua izan zen, finantza zerbitzuen start-up bat izan nahi zuen hark. Baina X.com beste zerbitzu batekin fusionatu zen (PayPal), eta bigarrenaren izena nagusitu zen.
Izena, eta funtzioa ere bai: Musk-ek nahi zuen X.com banku konpleto batean bilakatzea, eta aldiz PayPal gehiago zuzendu zen pertsonen arteko diru bidalketa sinpleetara eta online ordaintzeko metodo errazetara. Izatez, X.com-en zerbitzuak diluitu egin ziren PayPal-en barruan, eta ondoegi ere ez zebiltzan. 1999an lantzatu zenean X.com, erabiltzaileen kontuetara dirua oparituz lortu zuen hazkundea Musken zerbitzuak: kontua sortzeagatik, 20 dolar opari; eta erabiltzaile bat zure referal edo laguntzari esker gegituz gero, beste 10 dolar zuretzat. Honek hasierako eztanda bat ekarri zion, 100.000 erabiltzaile 2 hilabetetan, baina webgunea ere ez zebilen oso santu, eta segurtasun arazoek hazkundea gelditu zuten.
Hona X.com zaharrak 20. mende amaieran zuen itxura:
Nolanahi ere, jokaldi ona PayPal-ekin bat egitea izan zen, ze horrek ez ekarri zion Muski bere milioi zaparrada handia: eBay enkanteen zerbitzuak erosi zuen PayPal 2002an 1.5 miliar dolarretan. Eta PayPal-eko lehen belaunaldiko inbertsore eta sortzaileek diru asko irabazi zuten. Handik sortu zen bigarren belaunaldiko inbertsore sorta bat, PayPal Mafia deitu izan zaiona, zeinean Musk-ek negozio berriak egin ahal izan dituen (SpaceX eta Tesla lehenbizi, eta orain Twitter bere erara kudeatzeko) eta beste izen ezagun bat Peter Thiel den, Musk baino are eskuinerago kokatzen den beste miliotsu bat.
Musk-ek salmenta hartatik dirua atera zuen, baina ez zuen bere jabetza osoa saldu: X.com izenari eutsi zion, eta itxura batean etorkizunerako intentzio batzuk ere bai, orain Twitter>X rebranding hau egin delarik, etorkizunerako finantza zerbitzuak, mikro-ordainketak eta erabiltzaileekin irabazi partekatzeak ere sartzea aurreikusi duelako, mezuren batzuen arabera.
Erantzun
Sartu