Astebete da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskararen erabilera hutsaren kontra egin zuela, EAEko Udal Legea dela eta. Zenbait erreakzio izan dira ordudanik eta gaur Kontseiluak deituta, agerraldi bat izan da Bilbon. Euskalgintzak eta alkateek Konstituzionalaren epaia salatu eta euskararen normalizazioaren alde egin dute; eta ez bakarrik UEMAko alkateek lehengo eguneko agerpenean bezala, beste hainbatek ere bai: Kontseiluak zabaldutako irudian ikusten den bezala, Bilboko alkatea ere hor da (eta Donostiakoa eta beste hainbat), Bilbon izan delarik bilkura.
Agiri hau irakurri dute ekitalfian:
Euskalgintzako eragileak alkate eta udal ordezkariekin bat eginda gatoz oraingoan.
Hain zuzen ere, Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu agerraldi bateratu honetara.
Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu. Bide batez esan, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori.
Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du.
Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain esku hartutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsan hona hemen alkate eta udal ordezkariren presentzia
Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela. Euskalgintzako eragileok kezka horren berri hementxe bertan eman genuen joan den maiatzaren 10ean, eta herritarrei dei egin genien azaroaren 4an oldarraldi honen aurka, baina, batik bat, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde Bilbon egingo dugun manifestazioan parte hartzera. Epai honen ondoren, deialdia are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde.
Bilbon, 2023ko uztailaren 13an.
Erantzun
Sartu