Teknologia albisteak

UEMAren erantzuna Auzitegi Konstituzionalari: "Nahikoa da"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-07-07 : 15:57

"Nahikoa da" zioen pankartarekin eta hitz horiekin hasten den adierazpen batekin erantzun dio Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) atzo publiko egindako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenari, gaur Usurbilen egindako agerraldi batean. EAEko Udalen Legean euskaraz hutsez funtzionatzeko zirrikituak legez kanpokoak direla ebatzi du Espainiako auzitegien organo gorenak, eta horrek eragin du UEMAren eta beste hainbat eragileren erantzuna. Jarraian adierazpen osoa.

UEMAren agerraldiko adierazpena

Nahikoa da. Nahikoa dela esatera etorri gara gaur UEMAko udaletako ordezkariok. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua. Arau horrek aukera ematen die udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza-eskubideak urratu gabe.

  • Zeri buruz ari gara, beraz? Udal barruko dokumentuei buruz: gai-zerrendak, aktak, batzordeen irizpenak, eta abar. Ez gara ari herritarrekiko harremanei buruz.
  • Eta zer dio Toki Erakundeen Legeak? Udalek aukera dutela dokumentu horiek erabat euskaraz egiteko, betiere ez badago zinegotzirik euskaraz ez dakiela alegatzen duenik.

Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen legea, gehiengo zabalarekin, eta, zazpi urteren ondoren, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du euskararen erabilerarekin lotutako atal nagusietako bat. Kolpe handia da, bereziki udalerri euskaldunontzat. Inolaz ere onartu ezin dugun atzerakada.

Epaiaren beraren larritasunaz harago, argigarriak dira kasu honek izandako bidea eta testuingurua.

  • Ultraeskuina dago honen oinarrian: VOXen salaketa bat. Duela bi urte, VOXek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen, udalen hizkuntza-jarduna arautzeko 2019ko dekretuaren kontra. Alegia, dekretua onartu eta bi urtera, eta EAEn batere zinegotzirik eduki gabe.
  • Bigarren urratsa EAEko Justizia Auztegi Nagusiak egin zuen, azkenaldian euskararen sustapenaren aurkako erabakiak hartu dituen auzitegiak. Dekretuari buruzko salaketa jasota, epaileek dekretuaren oinarriaren aurka jo zuten: Udal Legearen aurka. Inkonstituzionala izan zitekeela esanez, Madrilera bidali zuten kasua, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera.
  • Eta hirugarren pausoa auzitegi horrek eman du: 6.2 artikulua baliogabetu du, argudiatuz urratu egiten dituela hizkuntza-eskubideak. Auzitegiak irakurketa erabat trakestua egin du hizkuntza-eskubideei buruz, argudio erabat onartezinak erabiliz. Besteak beste, honako hitz hauek erabili ditu udalek euskara lehenesteari buruz: "supremacía exorbitante". Argigarria.

Kasu honetan, bada gogoan izateko beste puntu bat ere. Udal Legea onartu zenean, Espainiako Estatuaren Abokatutzak auzitan jarri zituen hainbat artikulu, eta horien artean, orain baliogabetu duten 6.2 artikulua. 2017an, ordea, akordioa lortu zuten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, legearen interpretazioari buruz, eta hor itxi zen kontua. Hori ezerezean geratu da orain.

Finean, epai honekin, udalei eskumena kendu zaie beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta muga argi bat ezarri: administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daitekeela euskara. Hots, gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntza-eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio auzitegiak.

Ez gara hutsetik abiatzen:

  • Ez gara hutsetik abiatzen, gogoan daukagulako duela urte batzuk UEMAko udaletan zer-nolako arazoak izan genituen gai honekin lotuta: aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko trabak... Epaitegien ezpatapean egin genituen urteak. Eta sententzia honek berriro garamatza orduko egoerara. UEMAko udalen aurkako eraso zuzena da epaia.

Eta ez gara hutsetik abiatzen, azkenaldian kutsu bereko epai bat baino gehiago jaso ditugulako. Agerikoa da: euskara sustatzeko lege-zimendua higatzen ari dira auzitegiak.

Egoera makur honen aurrean, ezinbestekoa da elkarrekin bat eginda lan egitea. Agintaldia hasi berri dugu udaletan, UEMAn biltzeko urratsa egiten ari dira udal gehiago, eta gure helburua da arduraz jokatzea: udalerri euskaldunak gara, eta erantzukizuna dugu euskararen normalizazioan urrats erabakigarriak egiteko. Bide horretan ezinbestekoa da administrazioa ere. UEMAk 32 urte daramatza zeregin horretan, eta ez da onargarria hainbeste urteren ostean orain atzerantz hastea.

Udal Legearen 6.2 artikuluak emandako aukerarekin ez da hizkuntza-eskubiderik batere urratu. Eta are gehiago esango dugu: hizkuntza-eskubideak UEMAko udaletan errespetatzen dira gehien.

Mahai gainean daukagu sententzia. Erantzuna behar du honek:

  • Erantzuna, batetik, nahikoa dela esateko: Oldarraldi judizial hau eten egin behar da. Orain aste batzuk, UEMAk bat egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako protestarekin, eta dei hori berretsi nahi dugu gaur: azaroaren 4ko manifestazioan izango gara, euskararen aurkako erabaki judizial hauen aurka agertzeko eta euskara sustatzeko orube bat eskatzeko.
  • Epai honek ezinegon handia sortu du UEMAko udaletan, eta atzera egiteko arrisku bizia daukagu. Egoera aztertzen ari gara, epaiaren ondorio praktikoak zein diren ikusteko eta orain zer urrats egin zehazteko. Gure asmoa da UEMAko udalen euskalduntzean pausoak ematen jarraitzea, azken urte luzeetan egindako bidean sakontzea. Hori da gure misioa
  • Oldarraldi honek erantzun juridiko sendoa behar du. Higatzen ari dira urteetan hizkuntza-politikaren zimendu izan den lege-eremua, eta garaia dugu elkarlanean euskara sustatzeko lege-orubea egokitzeko. Azken epaien ondoren, hasiak gara pauso batzuk ematen, baina Auzitegi Konstituzionalaren azken ebazpen honek areagotu egin du horretarako premia. Egin dezagun bat, lor dezagun euskararen sustapenean urrats erabakigarriak egiteko lege-esparru eraberritu bat. Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak.

Eskerrik asko, eta segi dezagun aurrera.

________

irudia: Noaua

Erantzun

Sartu