Teknologia albisteak

Podkast soziala kontzeptu gisa: Bakarrik Edo Bi eta beste

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-11-13 : 12:19

Eneko Oroz @Ameslariak joan den asteazkeneko Bakarrik Edo Bi Twitterreko Espazioan dozena bat lagun elkartu ginen, Sustaturen gora-beherez eta #20urte delakoaz hitz egin genuen eta oro har, "esperimentazio" giroan aritu ginen. Orozek ontzat eman du esperientzia eta seguruenik #BakarrikEdoBi gehiago etorriko dira. Ongi etorriak bitez hurrengo saioak! Eta ongi etorriak denok (hurrengoetan bat egin, probatzeko) kontzeptu berrira: zuzeneko pofdkasta, edo podkast soziala.

Tresna zehatzak Twitter Espazioak izena duen bitartean (ez dago euskaratua baina Twitter Spaces delakoa Twitter Espacios ageri da gazteleraz, beraz itzulgarritzat joko dugu), esperientziak edo produktu kategoriak ez du izen definiturik oraingoz.

Asmakizuna edo aitzindaritza Clubhouse aplikazioari dagokio seguruenik. 2020an jarri zen martxa iOS app gisa, eta harrera arrakastatsua izan zuen iPhone-dunen segmentuan. Clubhousen arrakastaren beste bi seinale izan dira inbertsio handiak lortu zituela, eta produktu kopiak, alternatibak edo antzekoak sortu zituztela beste hainbatek. Horien artean:

Adopzioaren aldetik ez dakigu nola dabiltzan, baina Twitterrekoak zabalpen progresibo bat izan du: lehenbizi iOS-etan bakarrik, gero Android-en ere bai, eta ezaugarri batzuk web bitartez ere bai... Oraindik badu bide bat egiteko, baina dagoeneko dituen ezaugarriekin, audio-gela bat sortzeko modua nahikoa demokratizatu du Twitterrek, eta entzuteko ere erraztasun dexente dago (praktikarik gabe erabiltzaileok gal gaitezkeen arren), eta kalitatea ona da.

Produktu kategoriari dagokionez, Audio-gelak, Hitzezko txatak, edo Facebook iradokitzen duen Zuzeneko podkast terminoak aplikatu dakizkioke delako gauza honi. Hala ere, beste definizio bat ikusi dugu kaleratu den produktu berri batean; Callin izeneko app-a jaio da (oraingoz iOS bakarrik), eta social podcasting esaten diote beraienari. Marketin jokaldia, noski, baina ez dago txarto: Podkast soziala. (Clubhouse ere ez dabil urruti, social audio terminoa erabiltzen).

Hau da, Interneteko irrati edo audio esperimentuek podkast delako esperientzian finkatze bat eta heldutasun bat aurkitu duten bezala; beste aro batean egon gaitezkeela. Podkast sozial bat da, batetik zuzenekoa (printzipioz, nahiz eta gero gordeta geratzea aukera bat izan daitekeen, ez oraingoz Twitter Espazioen berezko funtzioa ordea), eta bestetik parte-hartzailea, entzuleek ere hitza eskatu eta hartzeko modukoa.

Normalean leitmotiv batekin deitu daiteke podkast sozial bat egitera: antolatzaile-elkarrizketatzaile batek konbokatzen du, eta gaia izan daiteke dena-delakoa, zeinetarako gonbidatu-hizlariak ere hitza emanda dauden. Baina behin hasten delarik igorpena, aukerak zabaltzen dira entzuleen parte-hartze posibleekin.

Ikusiko dugu zer egiten duen Callin delakoak. Babes ekonomiko handiarekin hasi da, bere helburua Clubhouse gainditzea izan daiteke, eta aurkezle / podlastegile / zuzeneko-hizlari inportanteak kontratatu dituzte Estatu Batuetan emanaldiekin hasteko.

Euskal Herrian, adi @ameslaria rekin eta #BakarrikEdoBi traolarekin, euskarazko halakoak ere izango baititugu berarekin. Eta beste batzuen eskutik ere bai, espero dezagun. Ongi etorri podkast sozialen arora.

Oharra: Podkast K-rekin idazten hasi ginen EITBk aurten irekitako plataformari jarraiki.

Erantzun

Sartu