Teknologia albisteak

EITBPodkast plataforma ireki da hainbat audio edukirekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-29 : 18:00

EITBk EITBPodkast plataforma ireki du gaur. EITBko irratietako programa zatiak agertzeaz gain, zenbait sortzaileren podcastak ere agertzen dira bertan. Agian podkastak idatzi beharko dugu, K-rekin aukeratu baitu EITBk terminoa zabaltzea.

Atariak euskarazko eta gaztelerazko edukiak batzen ditu. Gaika banatu dira edukiak, bost arlotan antolatuta: jakintza, bizitza, musika, kirola eta aisia-fikzioa. Atalkako antolaketa horretan okerra iruditu zaigu ez topatzea data argi, noizkoa den pieza bakoitza... Esate baterako Kirolaren atal honetan, noizkoak dira podkast horiek?

Gainerakoan, diseinu egokia du webguneak, eta podkast jakin batera iritsitakoan, zuzenean entzun dezakezu, Mp3 fitxategia jaitsi edo RSS helbidea erabili beste plataformaren bat erabiltzen baduzu, haren bitartez harpidetzeko. Hemen ale jakin bat adibide, Josu Goikoetxeak Faktoria saioan egiten duen Astelehen Poetikoetakoa.

Adibide majo bat da hori: programa osoak baino, haien barne-atalak izan daitezkeelako askotan irratian podkastaren muina. Asteburuetako Amarauna saioan zenbait teknologia adituk egiten Digi-atala da halako beste adibide bat.

EITBko edukietatik, telebistatik etorritako podkasten bat ere badagoela ikusi dugu. Esate baterako, Bidegurutzean programaren edukiak audio bihurtuta.

Eta beste profesional batzuek ere etxetik kanpo sortutakoak ere badaude. "Lokatza" da horietako bat, egungo mundua feminismoaren begiradatik aztertu eta ulertzeko bidea, eta honako profesionalek egina: Ainara Lasa, Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre.

Beste bat da Barruan Gaude. Podkast hau Oier Aranzabal kazetariak sortu zuen Zuzeuren baitan, eta bere artxiboa hona etorri da orain. Aranzabalek podkast hartan teknologia eta metodoa ederto landu zuela konturatuta geunden, eta badirudi harrezkero beste batzuentzat podkastak profesionalki sortzeko lanean dabilela. Ulu Media izeneko audioen ekoizpen etxean dabil orain orain Oiartzabal, eta honek jada badu produktu bat EITB podkast plataformarako:Artxipelagoa. Zientzia fizkiozko irratinobela moduko bat izango da hau, eta zero alea edo aurrerapena estreinatu dute oraingoz.

Aurrerapena da oraingoz Artxipelagoarena; udazkenean egongo dira atal guztiak prest, ez dakigu serialki argitaratzeko ala denak batera, Netflixek telesail gehienekin egin batera. Sinopsi hau aurreratu digute produkturako: "Euskal Artxipelagoa. 2103. urtea. Europa urpean geratu da ia erabat. Itsasoaren maila 500 metrotik gora igo da eta hiri-estatu gisa elkartu dira ur gainean geratu diren gune bakanak, besteak beste, Euskal Artxipelagoa izeneko uhartedia. Bertan bizi da Jare, mundu zaharraren kondarrak ezagutu nahi dituen gaztea." Profesional ugari dago produktu honen atzean; zuzendariak dira Juan G. Andrés eta Oier Aranzabal; gidoia da Xabier eta Martin Etxeberria anaiena; soinu diseinua:Xanti Salvador eta Koldo Corellarena, eta aktore lanetan aritu edo arituko dira itziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Klara Badiola, BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen elkarlanarekin, eta Anartz Zuazuaren aktore zuzendaritzarekin.

 

Erantzun

Sartu