Teknologia albisteak
1

StreetComplete, euskarazko aplikazioa zure inguruko kartografia librea egiteko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-11-03 : 09:02

OpenStreetMap (OSM) proiektuan modu erraz batean ekarpenak egiteko tresna bat euskaratu da: StreetComplete aplikazio mugikorra. Gainera, euskarazko Wikipediaren eskutik tutorial bat ere prestatu da, Wikipediak erakutsi ohi duen kartografia OSM-ko mapak baitira funtsean. Lehen Hezkuntzarako tutoriala da, haurrek egiteko moduko gauza da, baina nagusiek ere egin dezakegu ekarpena, jakina.

OpenStreetMap-ez hitz egin izan dugu lehenago Sustatun, baita bereziki Wikipediarekin duen loturaz. Munduko maparik zehatz eta aberatsena egiteko proiektua da OSM. Modu erraz batean ulertzeko, Googlemaps bat eraikitzen ari gara, baina modu librean, Wikipediaren antzera edozeinek editatzeko aukerarekin. Software librea edo Creative Commons lizentziekin bezala, denok egin dezakegu aportazioa mapa horretara eta era berean edukia modu librean erabili ahal izango da.

Horren adierazgarri da geroz eta aplikazio gehiagotan erabiltzen direla OSM-ko datuak, dela mapa moduan edo baita datu bezala: herriko tabernen zerrendak, irisgarritasun informazioa, bizikletan ibiltzeko azpiegiturei buruzko informazioa (aparkatzeko tokiak, konpontzeko tokiak...) edo mendizaleentzat bide eta elementu geografikoak.

Hala ere, datuak sartu eta eguneratzeak erabiltzaile askori beldurra ematen die, OSM-k izan dezaken konplexutasunagatik. Nondik hasi? Zer marraztu mapan? Zein datu kargatu?

Horretan laguntzeko StreetComplete aplikazioa asmatu dute Android telefonoentzat. StreetComplete erabiltzea oso erraza da eta OSM-a kontribuzioak egitea asko errazten du, euskaraz dago gainera. Aplikazioa ireki eta OSM-ko kontuarekin lotu ondoren, mapa bat erakutsiko zaigu eta mapa horretako elementuetan klikatuz aplikazioak galderak egingo dizkigu. Adibidez:

  • Zenbat solairu ditu etxe horrek?
  • Zein da arrandegi honen ordutegia?
  • Zein motatako zola du kale honek?
  • Zein da etxe honen kale zenbakia?
  • Jolasleku hau irisgarria da publikoari begira?
  • Zein motatako bidegurutzea da hau? (semaforoak, zebrabidea ala markarik gabekoa?)

Aplikazioak gamifikazio estrategiak ere erabiltzen ditu, hainbat ekarpen edo erronka eginez gero, sari sinbolikoak ematen eta:

Horrela, joko bat balitz bezala informazio oso interesgarria eman dezakegu, geroago beste zerbitzuetan erabili ahal izango dena. Adibidez Wheelmap toki irisgarrien mapa edo eraikinak 3 dimentsiotan marrazten dituen OSM Buildings (hemen Eibar erdialdearen bista bat) adibidez.

Galder Gonzalez wikipedistak eskoletan aplikazio hau erabili ahal izateko informazioa prestatu du Lehen Hezkuntzarako.

StreetComplete instalatzeko: Android bakarrik oraingoz.

 

Erantzunak

Erantzun

Sartu