Teknologia albisteak

Gaur duela 10 urte ETAk armak utzi zituen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-10-20 : 09:23

Ez zen goizeko iragarpen bat izan, arratsaldeko 19.00ak aldekoa baizik, baina urriaren 20an izan zen 2011n, gaur dela hamar urte. "ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du", iragarri zuen ETAk komunikatu batean. 

Sustatun ere jaso genuen orduan. Izatez, gure artxibo osoa bezala, 2011ko urrikoa gertaera inportanteen lekuko da. Aieteko Bake Konferentzia bazetorrela informatu genuen, eta hark eman zuen emaitza, Donostiako Adierazpena argitaratu ere bai. Dokumentu horri erreferentzia eginez iritsi zen hiru egun geroago ETAren komunikatua:

"ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du. ETAk Espainia eta Frantziako gobernuei dei egiten die, gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko. Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin-betikoa erakusten du.

ETAk, azkenik, euskal jendarteari dei egiten dio konponbide prozesuan murgil dadin, bake eta askatasun agertoki bat sortu arte."

2011ko erabaki haren ondoren, armagabetze prozesuari ekin zion ETAk, dexente trabak aurkituz Espainiako eta Frantziako Gobernuen aldetik. Azkenik, Bakegileen eta beste bitartekari batzuen laguntzaz, 2017ko apirilean jakinarazi zuen ETAk armagabetzea bere kabuz burutua zuela. Azkenik, 2018ko maiatzean, betiko desegin zela jakinarazi zuen ETAk. Iragarpen horien garrantziaz gain, 2011ko urrikoak eragin zuen seguruenik inpakto handiena, atzera bueltarik gabeko egoera bat iragarri baitzen.

Hamar urteren buruan, Aietek 10 urte jardunaldia egin da, Ezker Abertzaleak Urriaren Hemezortziko Adierazpena egin du publiko, gatazka armatuak eragindakoaz hausnarketa plazaratuz, eta gaurko egunez zenbait ekitaldi iragarri dira.

Erantzun

Sartu