Azken ordu eta egunetan esperotakoa jakinarazi du ETAk gaur arratsaldez, zenbait hedabidek zabaldu duten agiriaren bidez. Hitzez hitz dio ETAk: "ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du. (...) Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin-betikoa erakusten du." Akabo ETAren jarduera armatua, berri historikoa duda barik.
Berriaren webgunean dago dokumentua, ETAren gauko agiri historikoa. Hitzaurre baten ondoren dator iragarpen mamitsua. Idazkiak garrantzia ematen dio Aieteko Nazioarteko Konferentziari. "Euskal Herrian burutu berri den Nazioarteko Konferentzia garrantzi politiko handiko ekimena dela deritzogu. Adostutako ebazpenak gatazkaren konponbide osorako osagaiak biltzen ditu eta nazioartearen eta euskal jendartearen sektore anitzen babesa du."
Aieteko Konferentzian adostutako ebazpena, Donostiako Adierazpena, Sustatun ere jaso genuen duela bi egun.
Adierazpen horri erreferentzia egin ondoren, hiru ahapaldi aurrerago dator komunikatuko mamia:
"Honenbestez,
ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du. ETAk Espainia eta Frantziako gobernuei dei egiten die, gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko. Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin-betikoa erakusten du.
ETAk, azkenik, euskal jendarteari dei egiten dio konponbide prozesuan murgil dadin, bake eta askatasun agertoki bat sortu arte."
Erantzun
Sartu