Teknologia albisteak

Murgiltzearen aldeko manifestazioa bihar Baionan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-28 : 08:51

Euskalgintzak eta hezkuntza eragileek manifestazioa deituta dute biharko Baionan, Frantziako Konstituzio Kontseiluak Hizkuntza gutxituen aldeko legearen puntu funtsezkoak atzera bota ondoren joan den astean. Maiatzak 29, larunbatarekin, 16.00etan hastekoa da manifestazioa, Baionako Lauga kiroldegiaren ingurutik abiatuta. Antolatzailea Frantziako hizkuntza desberdinen aldeko Pourque Vivent Nos Langues koalizioa da, eta beste nazioetan ere egingo dira manifestazioak bihar, talde honek deituta.

Informatu genuen bezala, Molac legearekin esperantza sortua zen hexagonoan hizkuntza gutxituei begira, baina Kontseilu Konstituzionalak zapuztu zituen joan den astean, legearen kontrako 61 diputatuek aurkezturiko helegitea aztertzerakoan: irakaskuntzako murgiltze eredua Konstituzioaren aurkakoa zela ondorioztatu zuten eta baita frantsesak bere ez dituen zeinu diakritikoak (adibidez "ñ") dokumentu ofizialetan erabiltzea ere.

Gauzak horrela, bere horretan sartu da indarrean legea eta, orain, Frantziako Konstituzioa aldatzea da aukera bakarra eskualdeko hizkuntzei eta, beraz, euskarari kendutako babesa emateko. Ondorioz, murgiltze eredua ez da sartuko Frantziako Hezkuntza Kodean eta beraz, Ipar Euskal Herriko ikastetxe publikoetan euskaraz osoki ikasteko aukerari atea ixten ahal zaio.

Kontseiluaren ebazpenak ez zezan eztabaida gehiago izan Asanblean, Emmanuel Macron presidenteak berehala proklamatu zuen bere argitalpena, Kontseilu Konstituzionalak ezarritako mugekin, eta hortaz orain legea lege da bere horretan, beste helegite edo aldaketarik gabe. Hala ere, Macronek ustez hizkuntza gutxituen aldeko den mezu batekin konbinatu du jokaldia... Hona Macronek Facebook-en argitaratu duena, non murgiltzea egiten duten eskolak (Diwan bretoierazkoak, Calandreta okzietanierazkoa eta Seaska bera) goraipatzen dituen.

Honen aurrean ere erantzun dute euskalgintzako aktore batzuek. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak: «Hitzez gain, ekintzak behar ditugu! Beraiek sortu duten krisia konpondu behar dute orai! Larunbateko mobilizazioa inoiz baino beharrezkoa da, gure haserrea ikus dezaten!».

Paul Molac legearen bultzatzaile bretoiaren iritziz, irtenbidea Frantziako Konstituzioa aldatzetik etorri behar da. Ontzat eman du Molacek Macronen azken mezua, baina aldi berean aldarrikatu du Konstituzioko 2. artikulua aldatu beharra dagoela.

Erantzun

Sartu