Teknologia albisteak

Kaliforniak %100 energia "garbia" erabiliko du 2045. urterako, atzo izenpetutako legeari esker

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-09-11 : 11:05

Karbono isurketarik gabeko lurraldea izango da Kalifornia 2045. urterako. Halaxe ezarri du bart izenpetu duten legeak. Hurrengo 25 urteotan eman beharreko urratsak zehazten ditu eta baita urtetik urtera zenbat jaitsi beharko den energia fosilen erabilera, azkenean helburu hori lortzeko: 2045. urterako karbono iturrietatik datorren energiarik erabiliko ez duen lurraldea izatea Kalifornia. Munduko 5. ekonomiarik handiena da Kaliforniakoa eta urrats garrantzitsua da atzo eman zena aldaketa klimatikoari aurre egiteko, beste herrialde batzuei bidea erakusten baitie Kalifornian hartutako erabakiak.

Energia berriztagarrien bidez funtzionatu beharko du Kaliforniak 2045. urterako, erregai fosilen menpekotasunetik libre eta karbono isurketarik gabe. Halaxe zehazten du atzo bertan izenpetutako legedi berriak. "Parisko hitzarmena betetzeko eman beharreko urrats guztiak emango ditugu", adierazi zuen Jerry Brown Gobernadoreak. "Ez da erraza izango, baina derrigor egin behar dugu".

Lehenago ere bideratu dira antzeko legeak beste herrialde eta hiri handi batzuetan, baina Kaliforniako Gobernuak atzo emandako urratsak garrantzi berezia du, munduko 5. ekonomiarik handiena baita, Alemania, Japonia, AEB eta Txinaren ostean. Horregatik, beste herrialde industrializatu batzuentzat eredu izan daiteke Kalifornia, energia berriztagarrien aldeko hautuan bidegile izanik. "Kalifornia ari da erakusten munduari energia garbietaranzko trantsizioa posible dela". Eta hau guztiau ari da gertatzen, AEB bera kontrako norantza hartzen ari denean, Trump presidente denetik Parisko Hitzarmenean hartutako erabakiak bertan behera utzi dituelako AEBek. Hartara, politikoki eta sinbolikoki ere, berebiziko garrantzia dauka atzo hartutako erabakiak.

Atzoko erabakia lehendik emandako beste urrats batzuen jarraipena da. Izan ere, dagoeneko urrats sendoak eman baititu Kaliforniak erregai fosilen eta aldaketa klimatikoaren aurka. 2020. urtetik aurrera eraikitzen diren etxe guztiek eguzki-panelak izan beharko dituzte, 2030. urterako konpainiek erabiliko duten energiaren %60 energia berriztagarrietatik etorri beharko da, eta 2045. urterako karbonirik gabeko edo Carbon Neutral lurraldea izango da Kalifornia. 

Erantzun

Sartu