Aurrekoan aipatzen genuen nola Californiako gobernuak urrats sendoa eman duen energia berriztagarrien alde eta 2020. urtetik aurrera etxe guztietan derrigorrezko bilakatuko dituela eguzki-panelak. Bada Costa Ricako presidenteak plan are sendoagoa iragarri du: erregai fosil guztiak debekatuko dituzte eta bakar-bakarrik energia berriztagarrien bidez funtzionatuko du herrialdeak 2020. urterako. Aldaketa klimatikoaren aurkako eredu eta aitzindari bilakatu nahi du Ertamerikako herrialdeak.
Costa Ricako presidente hautatu berria den Carlos Alvaradok egin zuen iragarpena joan zen astean. Bere hitzaldian aurreratu zuenez, Costa Rica bilakatuko da erregai fosilik gabeko lehenengo herrialdea mundu mailan. "Karbonorik gabeko herrialde bilakatzeko erronka dauka gure belaunaldiak. Munduko lehenengo herrialdea izan nahi dugu hori lortzen", esan zuen Alvaradok. Horretarako, 2020. urtetik aurrera debekatuta egongo dira erregai fosilak Costa Rican.
Egia esateko, bidearen zatirik handiena egina dauka Costa Ricak, gaur egun ere munduko herrialderik berdeenetarikoa denak. Iaz, esate baterako, bere energia-premien %99a lortu zuen energia berriztagarrietatik (batez ere eguzki-energiatik). Gainera, Costa Ricako lurraldearen %20 babestutako Parke Naturalek osatzen dute.
Erregai fosilik gabeko laborategia izan nahi du Costa Ricak, hala esan du Alvaradok presidente kargua hartu bezain azkar; klima aldaketaren aurkako Parisko hitzarmenean ezartzen diren irizpideetan mundu mailako aitzindari bilakatu gura dute. Horretarako plangintza osatzen ari direla iragarri dute eta datozen 6 hilabeteotan neurri zehatzak jasotzen dituen plangintza iraultzailea aurkeztuko dutela aurreratu dute, besteak beste, energia berriztagarrien inguruko ikerketa, ekoizpena eta komertzializazioa sustatuz.
Oraindik, beraz, ikusgai dago zein ekimen eta plangintza jarriko duten martxan 2020. urterako konpromiso horiek bete ahal izateko, baina zalantzarik ez da mundu mailan aitzindari bilatuko dela Costa Rica, beste herrialde batzuei bidea erakutsiz.
..........
Argazkia: Pxhere.com.
Erantzun
Sartu