Teknologia albisteak

Instagramek 1.000 milioi erabiltzaile ditu jada; sare sozial eta APP erabilienetakoa da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-27 : 11:00

Ziurrenik Instagram izango da azken 2-3 urteotako moda-modako aplikazio eta sare soziala. Inguruan gazterik baduzu, jakingo duzu mundu osoa Instagram barruan sartzen dela. Directak egin eta ikusi, edozein gai jarraitu, influencerren berri izan,... Instagramek berak joan zen astean iragarri zuenez, 1.000 milioi erabiltzaile aktibora iritsi da. 

2010. urtean jaio zen Instagram, Facebookek eta Twitterrek dominatzen zuten sare sozialen eremuan lehiatzeko asmoz. Bere ezaugarri nagusia zen, Instagramen ez zegoela ia-ia testurik. Sare sozial erabat bisuala izateko asmoz jaio zen hasieratik. Argazki bat atera, etiketa batzuk eta esalditxo bat gehitu eta lagunen artean partekatu, erraz-erraz, argazki-filtro katalogo zabal bat ere aplikatzeko aukera automatikoarekin.

Gerora, Insta Stories-ak eta Directak ere etorri ziren, baita txatak eta bideoak ere, eta joan zen astean IGTV (Instagram TV) ere aurkeztu zuten (epe ertainera Yotuberi lehia egin nahi dion plataforma berria). Instagramek egin dituen mugimendu gehienak arrakastatsuak izan dira, ondo bideratuak eta berehala jaso dute erabiltzaileen onarpena. Horrela, Facebook alde batera utzita, gaur egun Instagram da munduko sare sozialik arrakastatsuena eta erabiliena. Deskarga gehien dituen aplikazioen zerrendan dago eta gazteen artean ez dago Instagram bezain sare sozial arrakastatsurik. 

Instagramek hasieratik lortu zituen erabiltzaileak eta nahiko bizkor hazi zen. 2012. urterako 100 milioi erabiltzaile zituen eta 2014rako 300 milioi. Harrezkero, hazkundea are bizkorragoa izan da eta joan zen astean iragarri du 1.000 milioi erabiltzaileren langa ere gainditu duela, garai batean lehiakide izan zituen Twitter edo Snapchat oso atzean utzita (300 milioi erabiltzaile inguru dituzte bi horiek). Bada datu esanguratsu bat: azken 2 urteotan Instagramek erabiltzaileak bikoiztu egin ditu! 500 milioi zituen 2016an; 1.000 milioi ditu orain.

 

............

Irudia: Technocrunch.

Erantzun

Sartu