Teknologia albisteak

Instagramek IGTV aplikazioa aurkeztu du, bideoak sareratzeko APPa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-21 : 11:43

Instagramen telebista. IGTV, alegia. Horixe da atzo San Franciscon aurkeztu zuten aplikazio berria. Instagramekin zuzenean lotuko den APPa, baina bideoak sortu eta sareratzeko espresuki pentsatua. Eta soil-soilik bideo bertikalekin funtzionatuko duena ;)

Bart aurkeztu du Facebookek bere jostailu berria, IGTV (edo Instagram TV), Android zein Apple plataformetan eskuragarri dagoena. Jatorriz argazkiak igo eta partekatzeko aplikazioa besterik ez zen Instagram. Ondoren bideo laburrak eta InstaStorie-ak agertu ziren. Orain bideo luzeen txanda iritsi da eta horretarako sortu dute IGTV. 

Instagramekin alderatuta, bideo luzeagoak partekatzeko aukera da nabarmenena (minutu batetik 10 minutura; eta erabiltzaile premiumek 60 minutura arte). Bideoak IGTV aplikazioaren bidez sortu arren, ondoren Instagramen ere partekatu ahalko dira. Plataforma berriaren bidez sormenari ateak ireki nahi dizkiotela adierazi dute. Erabilterraza, intuitiboa, bideo-kontsumorako pentsatua %100. Aplikazioa ireki eta bideoak ikusten hasiko gara, pantaila osora. Bideo batetik bestera igarotzea ere ti-ta egiten da. Ez dago ia-ia ezta menurik ere. Bideoak ikusi eta partekatu, zuzenean.

Bideo horizontalak debekatuta; bertikala da estandar berria!

"Muga" berri bat ere ezarri dute garatzaileek, nolabait arau tradizionalen aurka doana... eta arau berri bihurtu daitekeena: bideo horizontalik ez da onartuko, bertikalak bakar-bakarrik. Mugikorretarako pentsatutako produktua da, zuzen-zuzenean. "The tools we watch video on are old and out of date (...) "Think about it—we still watch videos formatted for TV, on a vertical screen." Ahaztu telebista eta ahaztu eredu zaharkituak. Gazteek bideoak mugikorrean bakarrik ikusten dituzte, eta ahal dela, bertikalean. Bada, horrantz goaz.

Instagramek (Facebookek) Youtuberi (Googleri) aurre egin nahi dio

APP berriaren helburua ez da segundu gutxitako bideo efimero batzuk sortu eta lagunekin partekatzea (Instagramen egiten zen bezala), bideoen plataforma sendo bat sortzea baizik. Zurrumurru batzuen arabera, IGTV-ek webgunea ere izango du eta sortzaileek web bidez ere sortu, igo eta partekatu ahalko dituzte euren bideoak. Oraingoz, baina, Instagramek ez du iragarri webgune berri horren helbiderik. 

Gogoan izan Instagram Facebookena dela. Une honetan sareko esparrurik gehienak dominatzen ditu Facebookek. Sare sozialek arrakastatsuena izateaz gain, bereak dira aplikaziorik erabilienak ere (Instagram ez ezik, baita Whatsapp ere). Baina bada alor bat Facebookek dominatzen ez duena: bideoak. Bideoen arloan Youtube (Google, alegia) da jaun eta jabe. 

Instagramek eta Facebookek duten babes sozial izugarria aprobetxatuta (milaka milioi erabiltzaile), garbi dago Facebooken erronka zein den: epe ertainera Youtuberekin lehiatuko den bideo-plataforma bat sortzea

....................

Argazkia: Instagram.

Erantzun

Sartu