Teknologia albisteak

Sustatu Euvox, gure teleberri propioa, albistegi mintzatua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-03-21 : 15:17

Atzo aurkeztutako JarriON aplikazioa instalatu baduzue (hemen gure albistea), kanal zerrendan ikusiko zenuten Sustatu bera ere agertzen dela, izen berezi batekin: Sustatu Euvox. Nolatan ba, ikus-entzunezko kanalen artean, Sustatukoa? Non eta etxe honetan bideo triste bat ere ez dugunean sekula grabatu? ba bai, Vicomtech ikerketa zentroaren Euvox teknologia moduloarekin (euskarazko testua ahots bihurtzeko teknologia) garatu dugu automatikoki sortutako bideoen kanal hau.

Sustatu Euvox garatu zen iazko udazkenean kaleratu ziren KSI Berritzaile programaren baitan. Kultura eta Sormen Industrien (sigla horiek dira KSI) berrikuntzarako programa bat da, Eusko Jaurlaritzak bultzatua, eta Tecnalia eta Vicomtech ikertegien bitartez garatutakoa. Aurten irekita dago programaren 2. edizioaren deialdia, eta hori aprobetxatuz, jardunaldia egin da Vicomtech-en egoitzan, KSI 2017ko ekimenaren baitan garatu diren produktuak erakusteko. Produktu horietako bat Sustatu Euvox izan denez, honen tripak eta nondik norakoak ere erakutsi dituzte bertan.

Sistema automatizatua sortu dugu. Sustatuko albiste guztiak ez ditugu bideo bihurtzen, baina editoreok nahikoa dugu artikulu jakin bat "Euvox-erako markatu" eta orduan Vicomtech-en sistemak soinu fitxategiak sortzen ditu, irudi finko bat ezartzen du bideoaren fondo gisa, eta azpidatziak ere eransten dizkio irudiari. Parametro batzuekin jokatzeko aukera ere badugu bideoak sortzeko orduan.

Doiketa eta hobekuntzak egin dakizkioke sistemari, jakina, eta horretan ari gara lanean. Adibidez parentesi arteko hitzak (adibide bat hauxe) etenik gabe esaten ditu ahotsak eta, beharbada, kakotxak bezainbesteko etena izatea ez litzaioke gaizki etorriko. Hemen adibide parea Youtubera igota:

Goiko bideo horiek sortu dira bi albiste hauetatik: erlojuen atzerapena / telefono salmenta.

Sustatu Euvox martxan ikusteko zure Android mugikorrean, instalatu JarriON eta kanala aukeratu, hortxe daude bideoak.

Noski, telebista bat baduzu Chromecast gailu bat instalatuta duela, telebistara ere igorri ahal izango dituzu bideoak JarriON-etik.

Bestalde, KSI Berritzaile 2018 deialdia irekita dago, apirilaren 27a arte.

Erantzun

Sartu