Teknologia albisteak

Europako ordulariak 6 minutu atzeratu dira Serbiaren eta Kosovoren arteko liskar txiki baten ondorioz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-03-09 : 10:09

Beharbada konturatuko zinen; beharbada ez. Baina azken asteotan 6 bat minutu atzeratu dira Europako ordulari elektriko asko eta asko. Zure sukaldeko labearena, adibidez. Urtarriletik datorren kontua da, antza, baina oraintxe konturatu dira arduradun eta adituak (edo jakinarazi dute, behintzat) Eta horren zergatia Serbiaren eta Kosovoren arteko hika-mika politiko batean omen dago, Europako sistema elektrikoan desbideratze txiki bat sorrarazi duena. 

Europako herrialdeetako sistema elektrikoa bateratua da, 25 estaturen artean koordinatua. Europako sistema elektriko horretan korrontearen frekuentzia 50 Hz-koa da. Urtarriletik hona, baina, 49,996 Hz-koa izan da frekuentzia hori, eta horrek eragin du Europako ordulari elektriko mordoa atzeratzea. 

Izan ere, sare elektrikora konektatuta dauden ordulari elektriko gehienak frekuentzia elektriko horren arabera doitzen dira. Frekuentzia elektriko hori konstantea denez, ordulariek horixe darabilte ordua doitzeko. Frekuentzia elektriko horretan izan den desoreka horren ondorioz, beraz, gure etxeetako labe, ordulari, irrati, mikrouhin eta abarrak 6 minutu atzeratu dira, batez beste, urtarrila amaieratik hona. Internetera konektatuta dauden gailuak ez, sareko datuen bidez sinkronizatzen direlako.

Desoreka horren arrazoia politikoa da, serbiarren eta kosovoarren artean dagoen ezinulertu baten ondorioa. Kosovoarrak ez dute izan gaitasunik eurei dagokien argindar kopurua sortzeko, eta Serbiarekin duten hitzarmen baten arabera, hutsune hori serbiarrek bete behar zuten, baina ez dute egin. Horren ondorioz, 113 GWh "galdu" dira urtarriletik hona. Eta horren ondorioz atzeratu dira ordulariak 6 minutu.

Aste honetan bere onera itzuli da frekuentzian zegoen desfase txiki hori eta berriro doitu da 50 Hz-tara, baina "azken asteotan sortu den desoreka hori nork bete behar duen argitu beharko da".

 

...................

Argazkia: Gari Araolaza.

Erantzun

Sartu