Teknologia albisteak

Bideo-jokoei mugak jartzen Txinan: egunean ordu bete gehienez

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-08-17 : 10:22

Bideo-jokoak garatzen dituen Tencent enpresa txinatarrak iragarri duenez, King of Glory bideo-jokoari mugak ipiniko dizkiote, gazteenek egunean asko jota ordu betez jokatu dezaten. 2017an mundu mailan gehien hazi den jokoetako bat da; 250 milioi erabiltzaile ditu, egunean 80 milioi erabiltzaile aktibo. King of Glory da Txinako gazteen artean gehien erabiltzen den jokoa.

 

Duela egun batzuk iragarri zutenez, Tencent enpresa teknologikoak erabaki du bere bideo-joko ezagunenari mugak jartzea Txinan. 12 urtetik beherako jokalariek ordu beteko muga izango dute; 12-18 urte bitartekoek bi ordukoa. Behin muga horretara iritsita, jokoa deskonektatu egingo da. Tencentek erregistro-sistema berria ezarriko omen du jokalarien adina kontrolatzeko. 

Taldeka jokatzen den gerra eta estrategia jokoa da Kings of Glory. 2017ko lehen hiruhilabetekoan 780 milioi euro irabazi zituen Tencentek joko honi esker. 2016ko azaroan aurkeztu zen eta 2017ko maiatzean mundu mailan gehien hazi den jokoa da. Egunean 80 milioi erabiltzaile aktibo ditu une honetan. 

Erabiltzaileen erregistroa kontrolatzeko egon daitezkeen zailtasunak ikusita, lehen begiratuan badirudi hartutako erabakiak gehiago duela marketinetik benetako erabaki eraginkorretik baino. Izan ere, Tencentek hainbat salaketa jaso ditu erakunde eta hedabide txinatarren aldetik, bideo-jokoen erabilera neurriz kanpokoa dela eta. Kontuan izan behar da 2008az geroztik interneterako adikzioa gaixotasun bezala dagoela onartuta Txinan. Gainera, une honetan lege berri bat dago onartzekotan bideo-jokoen erabilera mugatuko duena haur eta gazteen artean. 18 urtetik beherakoek ezingo dute online jokorik erabili gaueko ordu txikietan, eta hori guztiori zaintzeko software berezi bat instalatu beharko dute ordenagailuetan. 

Gaiak eragin praktiko gutxi izango duela dirudi, praktikan ia ezinezkoa baita gazte batek bere logelan egiten duena kontrolatzea (tira, Txinan ez hain zaila, beharbada). Baina alderdi filosofikotik ematen du hausnarketarako. Zein neurritan mugatu dezakete legeek joko batzuen erabilera? Eta jokoena bezala, telebista ikusteko erabili nahi dugun denborarena? Edo gure aisialdi-denboran egin nahi duguna? Gaiak luzerako eman dezake.

Erantzun

Sartu