Teknologia albisteak
2

Zorionak, Unix denboran 1.400 milioi ospatzen ditugu gaur!

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2014-05-14 : 12:16
Gaurtik aurrera, Sustatuko artikuluen URL helbideak 14 zenbakiekin hasiko dira, eta hurrengo hiru urteetan hala izango dira. Adibidez, gaur kargatutako honek, 1400054639 zenbakia dauka URLan. 2011ko martxotik atzo arte, 13rekin hasten ziren. Adibidez, Edu Lartzangurenek kargatutako beste albiste hau, 1399889933 zenbakiarekin joan zen herenegun. Baina zer dira gaurtik aurrera ikusiko 1.400 milioi horiek? 1970eko urtarrilaren 1etik igaro diren segunduak, eta Unix denbora deitzen zaio.


Unix sistema eragilearen 1970eko hamarkada hasierako espezifikazioetan denbora errepresentazio lineal bat zen, eta baten bati segunduak une jakin batean kontatzea bururatu zitzaion. Zenbait eragiketa Unix denborarekin markatzen hasi ziren, eta Unix-etik nolabait eratorritako sistemek ere erabili izan dituzte gauza batzuetarako.

30 urteren buruan, 2001. urtearen bueltan, Unix denbora erabiltzen zuen sistema horietako bat blogak egiteko Squishdot sistema zen, Zope aplikazioaren gainean eraikitako software bat, Python programazio lengoaian egina. Squishdot-en artikulu edo post bat sortzen zenuenean, sorkuntza uneko Unix denbora hartzen zuen ID edo identifikatzaile gisa.

2001ean CodeSyntax-ek Sustatu eraikitzeari ekin zionean Squishdot hartu zuen oinarri, eta horrela, 2001eko azaroan, martxan jarri genuenean, 1004348874 izan zen Sustatuko artikulu batek hartutako lehen ID-a, gure artxiboetako Unix denbora txikiena (azaroan ireki zen Sustatu, baina aurreko egunetako artikulu batzuk kargatuta zeuden, ez zedin webgunea hutsik egon inaugurazioan). Izatez, tenporalki besteren bat lehenago ageri da Sustatuko artxiboan, orain bezala orduan ere, editoreek edo erabiltzaileek artikuluak sortzeko unearekin geratzen baitira gordeta ekarpenak datubasean, Unix denbora zehatz batekin, baina edizio prozesuan, ordua eskuz aldatzen ahal diote editoreek, Sustatuko azalean lehentxoago edo beranduxeago agertzeko artikulu bat.

Trantsizio bat Sustatuko sistemetan

Sistema horrek, Squishdot-ek, eutsi zion Sustaturen argitalpenari 2011a arte. Orduan orain darabilgun azpiegiturara igaro genuen, Django framework-arekin egina (aurrekoa bezala, hau ere Python programazio lengoaian). Trantsizio egiteko orduan, ezinbesteko baldintza zen Sustatuko URL zaharrek eta haietan aurkitzen zen edukiak iraun egin behar zutela, eta hortaz, Unix denbora zaharrarekin sortuako ID guztiak gorde behar ziren.

Baina behin horretara jarrita, pentsatu genuen CodeSyntax-en, sistema berrian ere zenbakitutako URL edo ID horien sistema ez zela hain txarra. Gaur egungo URL sistema ohikoenak SLUG izeneko prozedura batean oinarritzen dira blogetan: artikuluaren izenburuan sartzen diren hitzetatik sortzen da URL-ean agertzen dena. Horrekin alderatuta, zenbaki hutsezko sistema batek laburtasunaren abantaila du, gure iritziz, eta SEO edo bilaketa kontuetan kalterik egiten duenik ez du uste.

Beraz, Sustatu berrian Unix denboran oinarritutako URLak egiten jarraitzea erabaki genuen. Aldaketa, erabiltzaile errejistratuen kasuan, erabiltzaile izena ere tartekatzen dela orain Sustatu.com/ eta Unix zenbakiaren artean.

Unix denbora, milisegunduekin

Sistema hori, beraz, 2011eko ekainean hasi zen Sustatun, eta hurrengo hilabetean, uztailean, beste berritasun bat sartu zen sistema honetan: albistegi automatikoa. Hor ere, Unix denboran oinarritutako URLak sortzen ditu sistemak, baina luzeagoak: Unix segunduak barik, milisegunduak dira, eta horregatik 3 zifra gehiago dituzte albistegi automatikoko URLek. Horietan ere, atzo eta gaur artean gertatu da aldaketa, hemen dugu atzoko albiste bat, 1399984314533, eta gaurko bat, berriz, 1400052670102.

Albistegi automatikoaren behar batek bultzatu gintuen milisegunduetan sortzera URL eta IDak, Niagarank bezalako sistema masibo batean funtzionatzeko egina baitago, eta litekeena zen segundu berean albiste bat baino gehiago sartzea. Horregatik, milisegunduen asignazio hori.

Hortaz, Sustatuko Squishdot zaharraren Unix denbora markak, jarraipena dute gaur hainbat sistemetan: Niagarank-eko URLetan, Tokikom-erako egindako zenbait webgunetan hala nola Uriola edo Goiena, eta baita Galesko Ffrwtin proiektuan, artikulu eta albiste automatikoetan han ere (emandako URL guzti hauek 14rekin hasten dira, ikusiko duzuenez).

Erantzunak

2014-05-14 : 13:51

Baina behin horretara jarrita, pentsatu genuen CodeSyntax-en, sistema berrian ere zenbakitutako URL edo ID horien sistema ez zela hain txarra. Gaur egungo URL sistema ohikoenak SLUG izeneko prozedura batean oinarritzen dira blogetan: artikuluaren izenburuan sartzen diren hitzetatik sortzen da URL-ean agertzen dena. Horrekin alderatuta, zenbaki hutsezko sistema batek laburtasunaren abantaila du, gure iritziz, eta SEO edo bilaketa kontuetan kalterik egiten duenik ez du uste.

Honen puntu negatiboa da identifikadoreak ez direla oso user-friendlyak eta gogoratzeko zailak direla. Dena den slug-ak gaizki erabiliz gero URL nahiko baldarrak sortzeko arriskua ere badago.

Azken batean testuinguruaren arabera jokatu behar da eta kasu honetan ez da erabaki txarra sistema zaharra mantentzea. Bide batez, zerbitzari mailan birbideraketa-mapa bat egiteko beharra ere saihesten da, nahiz eta gauza jakina den jende askoren ohitura dela honi arretarik ez jartzea (jakin nahiko nuke zer gertatuko den beta.berria.info-ko estekekin, adibidez).

Albo-ohar gisa, inork URLen user-friendlytasuna ere bere horretan zalantzan jar lezake, are gehiago ikusita URLa inplementazio-detaile izatera ari dela pasatzen, erabiltzaile arrunten begietatik kanpo — nork ez du ezagutzen helbideak bilatzailean idazten dituen inor?

2014-05-14 : 14:34

Squishdot sistema zahar-zahar hori erabiltzen jaio zen Azpitituluak.com duela sei urte eta harekin gabiltza oraindik: sendo dirau, eta Sustatun 10.000 artikulu kargatu eta gogoratzeko balio izan bazuen, lasai gaude, oraingoz 500 film baititugu (film bakoitza blog sarrera bat da, azken batean), eta beste mordo bat kudeatu ditzakeela jakin badakigu.

Unix aro berrian sartu garelarik, beraz, geurean ere bai, http://azpitituluak.com/euskaraz/1400049468 URLa dauka gaur kargatu den azken filmak, The Monuments Men, 1400049468 zenbakiarekin.

Erantzun

Sartu