Teknologia albisteak

Euskal telebista publikoaz hausnartzeko beste urrats bat

Erabiltzailearen aurpegia
Maria Gonzalez Gorosarri
2012-06-06 : 11:06

Euskal telebistaz ari garenean, zer adierazi nahi dugu: Euskal Herriak merezi duen telebista publikoa ala EAEk ordaintzen duen telebista? EiTBren ereduak 1982an euskaldunongan piztutako ilusioa baztertu du. ETB2n erdaldun gisa baino ez garela azaltzen egiaztatu zuen Gari Araolazak. Geroago, EiTB-ko langileek eurek kalitatezko Euskal Telebistaren aldeko manifestua" plazaratu berri dute. Hortaz, EAEko euskaldunok ordaintzen dugun telebista publikoaren eztabaidan beste urrats bat emateko asmoz, EiTBren 30 urteak izenburuko udako ikastaroa antolatu dugu. EiTBko hedabideen jarduera ikuspegi profesionaletik aztertu nahi dugu, gizartean zabaltzen ari den eztabaidari ere ekarpenik egin diezaiokegulakoan.

EiTBren 30 urteak ikastaroa Eibarren izango da, UEUko egoitza nagusian, ekainaren 28an eta 29an. Edukiari dagokionez, sarrera-hitzaldia Ramon Labayenek emango du: EiTB martxan ipini zuen Kultura Sailburuak, hain zuzen. Ondoren, EiTBren hiru eginkizunen araberako atalak berezi ditugu:

  1. Informazioa jasotzeko eta parte-hartze politikorako eskubidea bermatzea (ekainak 28, goizez).
  2. Zerbitzu publikoaren eginkizunak betetzea (ekainak 28, arratsaldez).
  3. Euskararen eta euskal kulturaren sustatzea eta zabaltzea (ekainak 29, goizez).

Horrela, atal bakoitzean, EiTBren sorrerako errealitatea eta egungoa ezagutu gura ditugu. Gainera, orduko zein oraingo langileen lekukotasunak jasoko ditugu. Ikastaroan parte hartu ahal izateko, hileon izena eman behar da.

Amaitzeko, ekainaren 29ko arratsaldean, "euskarazko telebistaren etorkizun hurbileko erronkak" mahai-inguru irekia egongo da, ikastaroan azaldutakoak garatzeko eta bertaratu nahi dutenek partekatu gura dituzten galderei erantzuteko.

Horrenbestez, EiTBk 30 urte izango dituen honetan, hurrengo 30 urteetarako euskarazko telebista publikoa definitzeko bidean gaudela uste dugu. Etorkizunean izango garenaren berri emango duen Euskal Telebistaren eredua oraintxe zehaztu behar dugulakoan gaude.

Erantzun

Sartu