Teknologia albisteak

Gizarte Ekonomia Euskadin Jardunaldia Kursaal-en

Erabiltzailearen aurpegia
forokoop
2012-02-05 : 09:02

Gizarte Ekonomia Euskadin Jardunaldia ospatu da aste da onetan Kursaal Jauregian, Donostian, TESS Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren mugaz gaindiko sarearen jardueren baitan. TESS sareko bazkide den KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak antolatu du topaketa hori, ANEL – Nafarroako Lan Enpresen elkartearekin eta CRESS Aquitaine – Akitaniako Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren Eskualdeko Ganberarekin batera.

Nafarroa, Euskadi eta Pirinio Atlantikoen (Akitania) mugaz gaindiko lurraldeetan Gizarte Ekonomia sendotzeko eta bere garapen estrategikoa bultzatzeko lankidetza-ekimena da. Kudeaketa-eredu hori sustatzea eta ezagutzera ematea dira helburu nagusiak, bai eta sektoreko erakundeek esparru ekonomiko, sozial eta kulturalean dituzten interes komunak ezagutaraztea eta defendatzea ere. Lehen topaketa honen harira, Gizarte Ekonomiak dituen familietako hainbat instituzio bertaratuko dira Donostiara, krisiari aurre egiteko eta ekonomiak gure gizartean bete behar duen papera berraztertzeko orduan, Gizarte Ekonomiaren aldeko apustua aldarrikatzeko asmotan.

Kooperatiben Nazioarteko Urtean egingo den jardunaldi honek ardatz dugun ereduaren datu esanguratsuenak aditzera emateko balio izango du. Eredu honetan pertsona ekintzen erdigunea da, kudeaketa demokratikoagoa da eta gizarte-berrikuntzak ugariak dira.

Horrez gain, zenbakiek agerian uzten dute Gizarte Ekonomiak kalitatezko enplegu egonkorrak sortzeko bidea eskaintzen duela, lurralde bakoitzeko berezitasun sozial eta juridikoak aintzat hartuta. Euskadiko lanpostuen % 8, Nafarroako % 3,6 eta Pirinio Atlantikoetako (Frantzia) % 9,8 Gizarte Ekonomiaren esparrukoak dira.

Euskadin nabarmentzekoa da kooperatiben indarra, Gizarte Ekonomiaren % 50,8 kooperatibak baitira. Nafarroan, aldiz, lan-sozietateek pisu handiagoa dute, % 58,7; eta Pirinio Atlantikoetan, azkenik, elkarteak dira presentzia handiena dutenak: % 93,5.

Gizarte Ekonomian dauden sektoreei gagozkielarik, Pirinio Atlantikoetan zerbitzuen sektorea da nagusi (lanpostuen % 97). Euskadin eta Nafarroan, berriz, industriak dauka pisu nabarmena (% 51 Euskadin eta % 53 Nafarroan). Horrenbestez, Frantzian zerbitzuen ekonomiak berebiziko garrantzia dauka, eta Euskadin eta Nafarroan industria-sektore lehiakorra mantentzeko gaitasunak.

Erantzun

Sartu