Teknologia albisteak
1

Goardia Zibilak eibartar bat tiroz hil zuenekoa, nola ikusi genuen kartzelatik

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Ibargutxi
2010-11-29 : 11:11

Pasa den mendearen 60. hamarkadan zegoen grina politiko eta sozialak ehundaka eta ehundaka euskal gazte eraman zituen hainbat erakundetan elkartzera, militarki inposatutako erregimen kriminalaren aurka borrokatzeko, 30 urtetan itota zegoen askatasunaren egarriz.

Hamarkada horretan borrokari gazte uholdez hasi Hamarkadaren azken urteetatik aurrera tokatu diktaduraren aurkako borroka horretan Robertori zitzaien errelebua hartzea. Bere askatasunaren alde historia arrunta da.

Baina historia horren bizipenek badituzte bere ñabardura bereziak eta ezberdinak, non arrapatzen zaituen arabera: kalean edo kartzelan. Kartzelan ere antolatzen dira borrokak, eta baita burutu ere, beti kalekoen laguntzaile gisa, haiek baitira garrantzitsuenak.

Eta Roberto Perez Jauregik bat egin zuen haietariko kartzela borroka garrantzitsu batekin, kalean berea eginaz azken ondorioetaraino. 1970eko abenduko lehen egunak ziren, Burgosko Penalean.

Elurra ari zuen. Ziegetako txorrotak izoztuak genituen. Baina gure gogoak oso beroak...

Hogeita hamar bat preso politiko euskaldun ginen bertan bilduak, sumario militarrekin. 16 lagun ziren inplikatuak 31/69 sumarisimoan, gerora frankismoarentzat eragin kaltegarrienak ekarriko zituena. Ordurako Francoren erregimena saiatua zen, aurreko urteetan, eskarmentu gogorrak ezartzen euskal gazteek nabaritzen zuten kemenari; hain zuzen ere heriotz-zigorra ezarriaz 1968an Iñaki Sarasketari, eta 1969an Andoni Arrizabalagari. Baina Euskal Herri guztian eman ziren izugarrizko herri mobilizazioek geldiarazi zituzten ejekuzio haiek.

Frankismoak ezin zuen etsi; beharrezkoa zuen gazteria borrokatzaile horri eskarmentu gogor bat ematea, eta hirugarren saiakera bat egin zuen, sumarisimo berri batekin. Militarrak ezarritako epaiketaren eguna jakin genuenean izugarrizko aktibitatea sortu zen abokatu eta presoen artean. Epaiketa bera eraldatzea nahi genuen, frankismoaren aurkako epaiketa bilakatuz, eta galderak eta erantzunak ondo prestatu behar genituen.

Hitza zen gure tresna bakarra, eta militarrei aurpegiratu behar genien kalean esaterik eta aldarrikatzerik uzten ez zizkiguten gauza guztiak.

Nahiz eta ondo ezagutu zigor eskaeren gogortasuna (sei heriotz-zigor, eta horietatik hiru bikoiztuak izan ziren…) 16 lagunak konbentzimendu osoarekin ziren oraingoan frankismoaren muinetan bertan borrokatu behar zela: tribunal militarra bera arbuiatuz, inongo legeztasunik eta autoritaterik ukatuz, eta bere burua euskal militante bezala aldarrikatuz.

Horrela, gure kartzelako borrokak eta epaiketa aretokoak kalekoarekin bat egin behar zuen Euskal Herri osoan eta baita Europan ere frankismoaren aurka antolatzen ari ziren mobilizazioekin. Eibartarrok ere jakin genuen gure herrian Greba Orokorra antolatzen ari zela...

Eta epaiketaren bigarren egunean, mobilizazio handien oihartzunak jasotzen ari ginela etorri zitzaigun berria: hildako bat eta hainbat zauritu Eibarren. Izugarrizko kolpea... atsekabea… inpotentzia… eta erregimen hiltzaile horrekin akabatzeko gogo itzela.

Gertakizunek areagotu egin zuten tribunalaren aurrean inputatuek izan zuten kemena, eta baita Europan zehar, Estatuan eta Euskal Herrian ematen ari ziren mobilizazioak. Robertoren argazkia heldu zitzaigun. 21 urte, gure adinekoa… Ez genuen ezagutzen, baina gutariko bat bilakatu zen. Gure memoriaren zati bat izatera pasatu zen, gure bihotzetako muinetan barneratu zen, eta hor jarraitzen du betirako.

Betirako jarraitzen duen bezala oraindik egin ez den justizia, eta eskatu ez diren Estatuaren erantzukizun eta depurazioen aplikazioa. Orain arte egin dena, neurri handi batean, Estatu haren mozorrotzea izan da, sistema haren subrogazio hutsa (gaizki deituriko trantsizioa...), bere biziraupenerako dagozkion estruktura, aparailu errepresibo, antolakuntza eta baita kuspidean suzesioa bermatuaz. Azken Puntuko legeak (hau ere gaizki deituriko Amnistiarena…) immunitatea eman die kontaezin gehiegikeriei, eta erantzukizun gabe geratu dira hainbat polizia, guarda zibil, gobernadore, magistratu, ministro...

Horietariko gehiegikeria batek Roberto eraman zigun. Momentu honetan, 40. urteurrenean, egin diezaiokegun omenaldirik hoberena ez dugula ahazten aldarrikatzea da, bere memoria eta beste hainbatena bizirik jarraitzen dutela. Roberto Perez Jauregi gugatik, Francoren gatibu, erori zen. Bere adorea, indarra eta aritze militantea beste belaunaldi batzuentzat izan behar da eredu. Borroka gabe ez baitago askatasunik.

Koldo Aizpurua, Jon Etxabe, Enrike Gesalaga, Patxi Jaka, Josu Ibargutxi. Preso 1970ean
Roberto Perez Jauregi eibartarraren hilketaren 40. urteurrenean

Erantzunak

Sustatu
2010-11-29 : 13:49

Roberto Perez Jauregi duela 40 urte hil zuten, Burgosko prozesuaren aurka Eibarren egindako manifestazio batean. Urteurrenarekin, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak eta Eibarren egin duten Ekimen Herritarrak memoria eta justizia eskatzeko ekitaldi batzuk antolatu dituzte.


Goiko eskutitza ere, urteurren horren harira idatzitako testua da.


Hitzaldia


Ahaztuak elkarteak hitzaldia antolatu du Hacer Memoria, Hacer Justicia izenarekin. Hitzaldia abenduaren 2an izango da Eibarko Arrate Kultur Elkartean 19.30etan.


Kontzentrazioa eta plaka


Manifestazio haren 40. urteurrenaren egunean, Eibarko Ekimen Herritarrak kontzentrazioa deitu du eguerdirako. Untzaga Plazan izango da, abenduaren 4an 12.00etan.


Horren ondoren, 13.00etan Karmen kalean, Roberto tirokatu zuten tokian, plaka bat jarriko du Ahaztuak elkarteak Roberto Perez Jauregiren omenez.



Erantzun

Sartu