Teknologia albisteak
2

Hiriko hondakin solidoei buruzko jardunaldiak Cristina Enea Fundazioan

Erabiltzailearen aurpegia
Cristina Enea Fundazioa
2010-11-14 : 12:11

Cristina Enea Fundazioak hondakinak eta zaborrak sortzearen arazoa gizarteari gerturatu nahi die, baita gurean, Espainian edo Europan gai honen inguruan garatzen ari diren balizko irtenbideak aurkeztu ere. Horretarako azaroko azken 2 ostegunetan eta abenduko lehenengoan (azaroak 18 eta 25, eta abenduak 2) Jardunaldi batzuk antolatu ditu, ‘Hitz egin dezagun zaborrez’ izenburuarekin.

Berauen helburua esperientziak elkartrukatzeko eta hausnarketarako eremu bat irekitzea da, hondakinak murrizteko iniziatibak, etxeetan sortzen den materia organikoa aprobetxatzeko egitasmoak eta hondakinen balorizaziorako eta errausketarako erabiltzen diren aukerak aztertzeko eta ezagutzera emateko. Horretarako gaian aditu diren hainbat lagunekin solasteko aukera izango da. Jardunaldiok 3 ardatz izango dituzte: hondakin-sortzea saihestea, materia organiko biodegradagarrien aprobetxamendua, eta errausketaren bidez hondakinen balorizazioa.

Hiru saio tematiko egingo dira Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean (Mandasko Dukea, 66 – Donostia), hizlari eta moderatzaile ezberdinekin.

Lehenengo saioa (2010/11/18)

Saioetan aurrenekoa azaroaren 18an izango da, 19:30ean. Bertan konpostaiaren edo/eta biometanizazioaren bidez, materia organiko biodegradagarriaren aprobetxamenduaz hitz egingo da. Lehenengo hizlaria Florian Amlinger izango da, Austriako Ingurumen Ministerioko aholkularia. Amlinger konposterako eta liseriketa anaerobikorako irtenbide integralez arituko da.

Ondoren Ana Rodriguez Cruz-en txanda izango da, Espainiako Ingurumen Ministerioko Jatorri Biologikoko Hondakinen Alorreko arduraduna. Bere hitzaldia bio-hondakinen aprobetxamenduari buruz izango da.

Azkenik, Francesc Giró Kataluniako Hondakinen Agentziako Materia Organikoaren Kudeaketaren Saileko teknikariak, etxeetako hondakinen konpostatzearen esperientziak eta tratamenduak aurkeztuko ditu.

Bigarren saioa (2010/11/25)

Bigarren saioak errausketaren bidezko hondakinen balorizazioa izango du mintzagai. Horretarako Carlos Martínez Orgado, Baliabideen Jasangarritasunerako Insitutoko (ISR) presidentea izango da gurean, eta Europan eta munduko beste zenbait tokitan zentzu honetan lan egiten duten azpiegituren esperientziak ekarriko dizkigu.

Hirugarren saioa (2010/12/02)

Azkenik, hirugarren saioak hondakin-sortzea saihesteko aukeretaz hitz egiteko balioko du, hainbat udalerritan izandako esperientziak eta egitasmoak aurkeztuz. Azken saio honetan Victoria Iglesias Donostiako udaleko Ingurumen Saileko zuzendariak, gipuzkoako hiriburuko esperientzia emango du ezagutzera.

Jean Pierre Hannequart-en hitzaldia ere izango dugu hirugarren saio honetan. Berak, ACR+ sareko ordezkari gisa, jardun onak eta esperientzia europarrak azalduko ditu.

Hirugarren saio honekin amaitzeko, Sasietako Mankomunitateko gerente Iñaki Erauskinek, hondakinen bilketa selektiboa sustatzeko pizgarri ekonomikoen berri emango digu.

Saioak irekiak eta doanekoak izango dira, eta gaian interesa duen edonor dago gonbidatua bertara etortzeko. Hitzaldi bakoitzak 20 minutu iraungo du, eta ondoren galdera-eztabaida tartea irekiko da. Jendea etor dadin errazteko, haurtzaindegi zerbitzua jarriko da.

Erantzunak

Joxe
2010-11-14 : 13:33

Komeni da hau irakurtzea http://erraustu.wordpress.com/

Cristina Enea Fundazioa
2010-11-16 : 13:56

Egitarauan aldaketa bat izan da eta beraz, ostegun honetako jardunaldian parte hartzekoa zen Ana Rodríguez Cruz ezin izango da gurean izan. Bere ordez, Alicia Pollo Albéniz izango dugu.

Erantzun

Sartu