Sustatu logoa Teknologia albisteak

Spamaren mapa: nork bidaltzen du zabor-posta Euskal Herrian?

Sustatu
2010-08-27 10:08

Googlek aurtengo udan martxan jarri duen aplikazioetako bat Postini Mehatxuen Detektatzailea da. Denbora errealean eguneratzen den mapa bat da, eta spam mezuak zein tokitan sortzen diren markatzen du. Mundu mailako mapatik zoom egin dezakezu gertuagora. Euskal Herrian ere ageri dira puntu gorriak, bai, tokiz aldatzen dira...

Bai, spamatzaileak egon badaude gure artean, baina, nor dira? Hori erantzutea ere ez da hain zaila.

Googlek milaka milioi mezu elektroniko kudeatzen ditu egunero Gmail e-posta kontuetan. Horietan egiten du iragazkia Googlek, spam direnak ez iristeko erabiltzaileen sarbide postontzi nagusira.

Bada, beraz, Spam karpetara desbideratzen dituenak begiratu besterik ez... eta hortxe daude, Euskal Herriko spam sortzaileak. Sustaturako erabiltzen dugun kontuaren Gmail-eko spam karpetan, honako hauek topatu ditugu, adibidez, udako egun hauetan spam egiten jardun dutenen artean:

  • Gose musika taldea
  • Sabino Arana Fundazioa
  • SOS-Veleia taldea
  • EKAI Center
  • Kanaldude (Iparraldeko telebista)
  • Arteko tailerra (arte galeria bat Donostian)
  • ERTZ Kultur Kirol Elkartea (elgoibar, azkoitia)
  • Usaina records
  • Euskadiko Filmategia - Filmoteca Vasca
  • Iturraran etxea / Pagoetako Parkea (naturgune bat Gipuzkoan)

Hara, bai, elebiz edo euskaraz spam egiten duen erakunde normal eta jatorrak dira. Izan ere, spama ez da bakarrik Viagra salmenta edo Nigerian inbertsioak egiteko eskaintzak: indiskriminatuki, ehundaka postontzitara eskatu gabeko mezuak bidaltzea da spama. Zaborra barik, hori informazioa dela uste baduzue, adi: prentsa-oharrak spama dira.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu