Teknologia albisteak
3

Katalanei ideiak kopiatzekotan, veguerien kontu hori...

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2010-07-30 : 12:07

Aste honetan zezenketak debekatu dituzte Katalunian, eta oihartzun handia izan du albisteak. Baina beste erabaki bat ere hartu du Kataluniako parlamentuak, eta sakonera gehiagokoa iruditzen zait: probintzien egiturak gainditu, eta vegueria izeneko egitura berri batzuk ezartzeko legea onartu dute. Ikusteko dago benetako eraginkortasuna, baina Euskal Herrira begira zer pentsatua eman diezaioke baten bati...

Izatez, bi neurri hauen artean, zezenketen debekua efektiboa izango dela ematen du. Kanariar Uharteetan ere debekatuta daude, eta ez dira egiten. Hortaz, ez dirudi Madrildik zezenketen debekua debekatzeko modurik asmatuko dutenik (baina auskalo). Vegueriena, ordea, serioagoa da, eta Espainiako Estatuak ez badu Probintzien egitura aldatzen Katalunian, alferrik ezarriko dituzte. Izatez, onartu duten legean, lehen vegueria-kontseiluak egungo lau probintzien baitan osatuko dira (Bartzelona, Tarragona, Lleida, Girona), eta legean ageri diren beste hiru veguerienak onartzeko probintzien mugak aldatu beharko dira (eta eskumen hori, izenak izen, Madrilena da). Horregatik batzuek kritikatu dute onartu den legea, bere eraginkortasuna ezgauza izango delako.

Gainera, zenbat vegueria eta nola... Hori ere eztabaida historikorako kontua da. Aran harana hauen artean nola geratuko den ere... Hasiera batean vegueria baten barruan zegoen, baina gero nonbait, aparteko egitura izango omen da (Okzitarineraz mintzo dira Aran harabnean).

Baina tira, oraingoz lau probintziari vegueria deituta ez dirudi asko aldatuko dutenik. Eusko Autonomia Erkidegoan ere hiru probintzia ziren lehen, baina aspaldi honetan Lurralde Historikoak dira. Baina, Espainian, izatez, probintzia dira oraindik, eta probintzien izenak ere Madrilen onartzen direnez, hango nomenklaturan Ourense eta Lleida onartu ziren arren, Bizkaia eta Gipuzkoa, ez, ez dira Espainian ofizialak.

Bereziki, azken aldi honetan, historikoa, nire aburuz, egiten ari diren erridikulua. Adibide garbia da Tecnalia. Zentro teknologiko batzuen batura handi bat egin behar zen, Tecnalia, eta sortze-izenpe ofiziala egiteko zela suspenditu behar izan zuten, egoitza Gipuzkoan ala Bizkaian ala txandaka, non izan behar ote zen erabakitzeko.

Hori da adibide bat, baina beste batzuk ere egon daitezke, administrazio foral hauek zertan eta nola ari diren... Nik gero eta gutxiago ulertzen ditut. Eta Diputazioaren Jauregietatik aparte baina gertu dauden beste erabakigune edo herri-ordezkaritza foral batzuk ere, berdintsu.

Jose Antonio del Moral Interneteko ekintzaileari irakurri izan diot pare bat aldiz Foru administrazioak ezabatu edo ogasunak batu beharko liratekeela. Ideia xelebrea dirudi, baina, egia esanda, gero eta gehiago erakartzen nau. Vegueriak Euskal Herrian? izen aldaketa soila bada, Katalunian bezala, ez; baina probintzianismoa suntsitzeko bidean probintziak suntsitzeak balioko badu, ni horren alde.

Erantzunak

Lux
2010-07-30 : 13:53

Vegueria, berez ezeezetan geratu da, azkenean eta Epaitegi Konstituzionalaren sententzia bitarteko, egitekotan egungo probintzi egituraren gainean jarri beharko litzateke, hau -izenean ez ezik- ordezkatu gabe.



Kontuan izan behar da Estatuan probintzien banaketa Javier de Burgos ministroak 1833an inbentatutako sistema dela, diot inbentatua lau salbuespen kenduta -Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa- beste probintzi guztiak kolonizazio garaian Afrikan egin ziren zatikeraren moduan egin zirela.



Egoera artifizial hori oso nabarmena da Herrialde Katalanetan, bai Printzipaten -Katalunian-, bai Valentzia-Herrian eta bai uharteetan "les illes-etan". Probintziak ez du tradiziorik, eta hainbat kasuetan lehenago zeuden eskualdeak hausten ditu. Hori horrela, Katalunian Errepublika garaian hasita eskualdeak garatu ziren. Hori frankismorekin ezezean geratu zen, eta behin autogobernua eta demokrazia berreskuartu zituztenean berrezarri zituzten, eta egun indarrean dira "consell comarcal" izeneko egiturak zerbitzuak emateko. vegeria hurrengo pausua zen, eskualdeak elkartzeko.



Intxaurrondoarena eta intxaurrena ezaguna dugu ezta? Bada Katalunian une honetan, udalak, eskualdeak, probintziak eta Erkidegoa, aginte mailak josten dira. Vegeriaren sorrerak ez du probintzien -eta horien agintea diren diputazio probintzialen- desagerketa ekarriko.



Hego Euskal Herrira etorriz. Egun dugun autogobernua bi oinarri ditu, alde batetik izaera foraletik -honen hondarretik- datorkigun ondarea, beste aldetik Gernikako Autonomia Estatututik eratorritakoa.



Kontzertu Ekonomikoa (Nafarroan Konbenioa deitua) eta beraz autogobernu fiskalak, oinarri forala du. Eta jatorri hori beste alor batzuetan ere nabarmena da.



Beraz, agian beste gauza batzuetan Katalunia eredu izan dezakegu, baina honetan ez. Besteak beste egoerak zeharo desberdinak direlako.









mikel irizar
2010-07-30 : 14:11

Ez da oraingoxe kontua, hain zuzen EAJ Lurralde Historikoen legea zela-eta apurtu baitzen. Jaurlaritza zenbateraino indartu ala Aldundien osagarri utzi, hor ibili zen eztabaida. Eta azkenean foralistek irabazi zuten, Arabak Bizkaiak adina legebiltzarkide bidaltzen ditu Gasteiza.



Ni autojestiozalea naiz, eta udal/eskualde mailak maite ditut bereziki baina gehienbat teorian. Praktikan politikakeriak eraman ditu aurretik hor zeuden aukerak, eta udalek nahiz mankomunitateek legebiltzarrak bailiran funtzionatzen dute, beren gobernu eta oposizioarekin.



Bestalde, lurralde historikoen planteamenduak bide uzten die planteamendu konfederalei eta niri Suitza ere gustatzen zait.



Ez da kontu sinplea, konpai.

Ignazio Txalupategi
2010-08-06 : 14:49



Barkatu, baina beste luistxokeria baten aurrean gaude. Ignorantzia ausarta da, inondik ere.



Aurrekoan ere erantzutekotan egon nintzen, Pagolaren Jesusen patetikotasuna aipatu zuenean (bera, bai, patetikoa horrelako lan bat auzitan jartzeagatik), baina oraingoan ezin pasatzen utzi.



Morroi honi Historia leziotxo bat eman beharko lioke baten batek. Logseren biktima baten itxura hartzen diot. Lux saiatu da argi pixka bat ematen, baina ez dut uste nahikoa izango denik eibartar honen kaskoa argitzeko.



Eta ez diot katalanei ezer kopiatu behar ez diegunik. Aitzitik, gauza asko eta askotarikoak ditugu haiengandik kopiatzeko, baina ez da horietako bat haien lurralde-antolaketa.



Izan ere, gure probintziak edo lurralde (edo herrialde, agian hobeto) historikoak ez dira asmakeria bat, Luxek ongi azaldu duenez, errealitate historiko ongi zehaztuak baizik, milaka urteko historia dutenak, eta orain horiek ezabatu nahi izatea txorakeria galanta begitantzen zait.



Beraz, kopia ditzagun katalanengandik kopiatu beharrekoak –eta, batez ere, gure izaerara egokitzen direnak–, hala nola euren hizkuntzarekiko atxikimendua eta politikarako eta itunerako gaitasuna, eta utz ditzagun alde batera udako proposamen xelebre (friki esan behar nuen) eta ganorabako hauek.



Ea laster igarotzen den uda eta ahazten ditugun pitokeria hauek...



Ignazio Txalupategi

Erantzun

Sartu