Teknologia albisteak
2

La Furaren zaporea

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-05-11 : 12:05

La Fura del Baus antzerki talde kataluniarrak bere azken muntaketa eskaini du Donostiako Tabakaleran: Degustación de Titus Andronicus, William Shakespeare-ren tragedia batean oinarritua. Ikuskizunaren berezitasuna, Mugaritz jatetxeko sukaldari bat jatekoak prestatzen dabilela denen aurrean une oro, eta jaki horiek ikusleei banatzen zaizkiela gero, antzezlanean gertatzen den oturuntza antropofagikoarekin bat.

Laurogeiko hamarkada hasieran egin zen ezaguna Bartzelonako talde hau, bere izaera probokatzaileagatik. Antonin Artaud-en Ankerkeriaren Antzerkiaren iturritik edanez, istorio konbentzionalak kontatu ordez sentsazioen eztanda bihurtzen zituzten beren ikuskizunak, publikoarekiko kontaktua bilatuz, era askotako bitarteko bisual eta sonoroak erabiliz, estetika sado-masoari bere zukua ateraz. Zirikatzaileak ez ezik, marketinlari bikainak suertatu ziren lafuratarrak, eta gizarte burgesaren akuilu izatetik progresismoaren prestigioa bereganatu nahi zuten programatzaileen makulu bihurtu ziren, dela opera bat muntatzeko, dela museo bat inauguratzeko edo beste zernahitarako.

Hori dela-eta, errezelo apur batekin joan nintzen asteburuan Tabakalerara. Ez antzezpenaren bortizkeriak astinduko ninduelakoan, baizik eta epatatu nahi horri déjà vu-aren kutsu errepikakorra antzemango nion beldurrez. Zorionez, ez zen horrela izan.

Shakespeare-ren lehenengo lanetako bat izan zen "Titus Andronicus" tragedia (ikerlari batzuek zalantzan jartzen dute haren egiletza), Erroman girotua eta mendekua gaitzat duena; odolezko orgia batekin amaitzen da, eta gore-aren aurrekaritzat jo izan dute batzuek (gure artean, obra honen balizko antzezpen batekin jolastu zen Mikel Antza aspaldiko ipuin batean).

La Fura-koek jatorrizko tragediaren hezurdura hartu dute, eta beren estiloko ikuskizun bat antolatu: nabe industrial erraldoi eta ilun batean, ikusleria zutik, pareta guztietan etengabeko proiekzioa, aktore batzuk tranpaldo mugikorretan eta beste batzuk era guztietako ibilgailuetan batetik bestera, publikoa etengabe mugiaraziz, Mad Max-en estiloko jantzi eta tramankuluekin. Soinu eta irudien zaparrada etengabe horrek bat egiten du kontatzen den istorioaren krudelkeriarekin, eta alde horretatik ez da debaldekoa, baizik proposamen estetikoarekin koherentea.

Eta sukaldaritzaren ekarpena? Tira, zentzumen guztiak kilikatu nahi izan dizkigutela esango dute agian, baina nik marketinlaritzaren barruan sartuko nuke. Hori ere, ez dakit Arte Ederren artean dagoen, baina gora egin nahi duen artistaren ezinbesteko ikasgaia, nonbait.

Erantzunak

Julen Aseginolaza
2010-05-11 : 13:08

"Zorionez, ez zen horrela izan" diozu. Baina esaldi hori kenduta, gainerakoan testu osoak horela izan zela pentsarazten du.

Joxe Aranzabal
2010-05-11 : 13:12

Beste iritzi bat ekitaldi beraren inguruan, Faroan


Erantzun

Sartu