Teknologia albisteak
1

Itziarko Erromeria Eguna maiatzaren 1ean

Erabiltzailearen aurpegia
Andutz Kultur Taldea
2010-04-26 : 18:04

Iazko arrakasta ikusita, Andutz Kultur Taldeak egitaraua sendotu du bigarren edizio honetarako. Apirilaren 30eko hitzaldiak zabalduko du Erromeria Eguna, eta hilaren 1ean izango da egun handia. Itziarko Erromeria Eguna datorren maiatzaren 1ean izango da. Andutz Kultur Taldeak antolatuta, bigarren edizioa izango du Erromeria Egunak eta aurreko urtean izandako arrakasta sendotzea du helburu.

Aurreko urteko edizioan Euskal Herriko txoko ugaritatik bildu zen jende-andana Itziarko Erromeria Egunera. Bazkaritan soilik, 300dik gora lagun bildu ziren herriko pilotalekuan eta arratsalde nahiz gauean erromerien munduko musikari ezagunek alaitu zituzten festara hurbildutakoak, dultzainero, txistulari eta joaldunen laguntzarekin.

Egitarau oparoa

Aurtengo egitarauak lehen edizioaren ildotik jarraituko du. Aurten ere, Antonio Buenetxea Txankarta soinujole itziartar famatuari omen egingo zaio. Egitaraua apirilaren 30ean hasiko da, **“Soinu Handia Erromerian” gaitzat izango duen hitzaldiarekin. Arratsaldeko 20:00etan, Itziarko apaizetxean izango da hitzaldia eta hizlari gisa arituko dira Aitor Furundarena, Isidro Larrañaga, Joseba Tapia eta Karmelo Mendizabal**. Apaizetxean bertan erromeriaren inguruko argazkien erakusketa ere izango da.

Maiatzaren 1a, larunbata, izango da egun handiena (ikus egitarau osoa atxikian). Goizean goizetik izango dira Itziarko kaleetan zehar txistulariak, dultzaineroak, joaldunak, soinujoleak, Itziarko Bertso Eskolako kideak eta abarrak, egitarau mardulari bizi ematen.

Erromeria Egunaren helburuak

Itziarko Erromeria Egunaren helburua Itziar eta inguruan hain ohiko izan ziren erromeriak gogoratzea eta omentzea da, Andutz Kultur Taldearen esanetan. Erromeriak ziren aurreko belaunaldien sozializaziorako bilgunerik garrantzitsuenetakoak. Festa edo bilkura horien funtsa hainbat herri, auzo eta bailaretako herritarrak biltzea izaten zen; izan ere, gerraosteko garaietan biltzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak urriak zirenez, erromeriak aitzakia paregabea ziren horretarako.

Era berean, musikaz eta dantzaz gozatu ahal izateko aukera ere baziren erromeriak, eta euskal kultura tradizionalaren sostengu ere izan ziren, hein batean. Garai hartako gizon-emakumeak irrikitan egoten ziren erromerietara joateko.

Erromeria Egunaren beste helburuetako bat Antonio Buenetxea Txankarta herriko soinujole zendua omentzea ere bada. Itziarren sortutakoa eta hazitakoa izan zen Txankarta. Izaera biziko gizona izan zen eta soinu handiarekin oso trebea; Gipuzkoako hainbat herri eta bailaretan oso ezaguna izan zen. Gerraosteko urte zailetan, trikitixa bizirik mantentzeko giltzarrietako bai izan zen Elgeta, Gelatxo eta Sakabirekin batera, besteak beste.

Andutz Kultur Taldea

Aurtengo Erromeria Egunaren antolatzailea Andutz Kultur Talde sortu berria izan da. Talde berria herriko hainbat elkarte batzeko eta kultur jarduera bateratua lantzeko helburuarekin sortu berri da. Besteak beste, Itziarko herri mugimendua berreskuratzeko eta herri kultura berpizteko xedeak ditu talde berriak eta orain arteko elkarteetako kideen artean sorturiko batzordeak darama gidaritza berria.

Erantzunak

Nerea Aramaio
2010-04-27 : 17:16

Iaz izan nintzen eta ederki pasa nuen! Antolakuntza ederra. Egiraldiak laguntzen badu, agian aurten ere egigo dut bueltaren bat.

Erantzun

Sartu