Teknologia albisteak
6

Manifestazio handietarako look-a

Erabiltzailearen aurpegia
leire narbaiza
2010-03-31 : 10:03

Andre nagusi batek esaten zuen manifestazioetara beti dotore, edo behintzat ganoraz jantzita, joan behar zela; aurkariak ikusi zezan manifestariak ez zirela edozein baldar, edozein ganorabako. Horrela zuen ikasita eta beti guapa joaten da horrelakoetara.


Argazkiak.org | Egunkaria manifestazioa © cc-by-sa: josu

Nik ez dut hainbeste esango; pertsona bakoitzat dauka-eta ugerdo edo arlote berben imajina buruan, eta sarritan ez dira irudi horiek guztiak bat etortzen. Horregatik, post honetan hainbat aholku eman nahi ditut makro-manifetan egoki eta ondo ibiltzeko. Elkarretaratze hauetara joaten jarraitu behar dugun bitartean, ganoraz eta gustura sentitzeko.

Ezin dugu ahaztu horrelakoetan edozeinekin egin dezakegula topo. Euskal Herria oso txikia da, eta hamar urtean ikusi ez dugun hura bertan egon liteke. Zer nahi duzue, hainbeste gustatzen zitzaigun gelakide hark inoizkorik txartoen ikustea? edo ezinikusia zigun ezagunak zaharrago eta zarpailago antzematea? Ezta pentsatu ere!

Itxura, baina, ez da garrantzitsuena manifestaldietan. Inportanteena eroso ibiltzea da. Hori dela eta, oinetatik hasiko naiz. Oinetakoak aproposak izan behar dira. Denok dakigu manifestazio jendetsu batera joatea eta museo handi bat bisitatzea direla gauzarik neketsuenak, luzaroan zutik eta ia ibili barik egoten garelako, kantsagarri totala! Gainera, ez ahaztu antxintxiketan egitea ere toka lekigukeela; hortaz, udazken-negu-udaberrian takoi bako zapatak, ondo lotzen direneak edota trekineko zapatillak erabil genitzake. Udan ez nuke sandaliarik erabiliko, ez badira asko ibiltzekoak eta ondo lotzen direnak. Esperientziak dixit!


Argazkiak.org | Egunkaria manifestazioa © cc-by-sa: josu

Trekineko zapatillak bai, baina mesedez, mendiko prakak, forro polarrak eta goretexak kanpora! Bilbo ez dago Himalaian! Euri asko bada, edo hotz handia, goretexa jantz liteke, baina horrelakoetan baino ez.

Negukoetara bufanda edo zapia eramatea ere oso ondo dago. Azken aldian izan ditugunak oso egun hotzetan izan dira; horregatik, eskularrauak ezinbestekoak dira. Txapela edo txanoa ere ondo etortzen da, asko babesten du eta beroa pasaz gero errez asko gorde liteke.

Arropa hauek eramateko ere ondo etortzen da potsa edo motxila txiki bat. Ez txikiegia, tapauka, txapela eta eskularruak ezingo genituzkeelako sartu, behar izanez gero. Bizkar-zorro txikia, handiek enbarazu egiten diotelako gure atzean dagoenari. Potsa beti gurutzatua, gartzabe-uhalaz (bandoleran), erosoago ibiltzeko. Horrela jantzita, potsaren pisua banatuta geratzen da. Potsa ertaina, aterki tolesgarria sartu ahal izateko. Aterkia oso-oso garrantzitsua da, eta komeni da eramatea, badaezpada ere. Euritako horiek oso arinak izaten dira, eta zaparradaren bat botatzen badu, emendio handia egingo digute.

Eta gainerakoetan, zuek gura duzuena, gogotsu ekiteko ibilbideari, ganoraz eta aise. Gusturen sentitzeko, horrela gabiltzan bitartean.

Post hau fribolo samarra izango da askorentzat, batzuek usteko dute barre egin diedala. Ezta pentsatu ere! Nire ustez, umorea ezinbestekoa da zoriotasunaren bidean, aufbruchtimmung-aren kaminoan. Irribarrez hartu, nire borondate onenarekin!

Erantzunak

sapi
2010-03-31 : 14:34

Ze demontre da "aufbruchtimmung" ?

Leire Narbaiza
2010-03-31 : 16:26

Aufbruchstimmung da berba. Hainbeste kontsonanteren artean sbat eta esteka galdu zaizkit! Barkatu!


Gauzak aldatzeko giroa ei da alemanez. Sustatun eta Mikel Iturria lagunaren bitartez ezagutu dut hitza. Egokia begitandu zitzaidan. Beharrezkoa.


Berba dotorea, horratik, itxaropenerako, ezta?


arrikitaun
2010-04-01 : 05:20

Kaixo Leire:
Zure sekzioaren jarraitzailea naiz, eta hemen ematen dituzuen aholkuei kasu egiten diet, horiei esker nire autoestima handitu eta lagunen miresmena irabazi dut, eta esan daiteke herriko dandy bihurtu naizela.


Beno harira, ez baitizut denbora lapurtu nahi. Zalantza transzendentala daukat, neu ere, manifestaldietara joaten den horietakoa naiz, eta ibili-gelditu-ibili horiekin gero eta gehiago nekatzen naiz, edadea badakizu... Hori dela eta pentsatu dut Masai estiloko zapatila batzuk erostea. Oso ausarta naiz? Modernoegia? H&Mko praka bakeroekin eraman ditzaket ala Massimo Duttikoak jantzi beharko ditut? Zer aholkatzen didazu?


Aldez aurretik eskerrak emanez zure jarraitzaile zintzoa den honek agurtzen zaitu.


leire narbaiza
2010-04-07 : 17:17

arrikitaun estimatua:

Barkatu lehenago erantzun ez izana, baina oporrak horrelakoxeak dira, firin-faran ibiltzeak Internetek baino garrantzi handiagoa dauka!



Gu ere irrikitan egoten gara zuen erantzunak jasotzeko, batez ere sujeritzen dizkiguzuen gaiak.



Pozten naiz gure post hauek irakurtzeak autoestimua handitzeko balio izateak, irribarre batekin, ni behintzat, konformatzen naizen arren.



Leire Francisen paperean jarrita esango dizut ikusi ditudan masai zapatilla horiek gzutiak nahiko zatarrak iruditu zaizkidala, baina nobera eroso ibiltzea denez garrantzitsuena, zuz zeu, erabil itzazu! Esaten dutenez, hasieran agujetak sortzen dute; horretara, manifa baten jantziz gero, aurretik probatu. Oreka gutxiago izaten dela ere entzun dut; hori dela eta, nik ez dut uste erabiliko nituzkeenik, ni neu nahikoa naiz-eta lurrera estroputz eginda jausteko.



Massimo Dutti! Izena jakitea ere! Zuk jantzi, eta zentzuak esango dizu. Bestela erretratu bat atera eta gure sekziora bidali. Iruzkinduko dugu :-)



Modernoa eta ausarta izatea ona da, gauzak nahastea ere oso-oso "chic" da. Baina gustura sentitzea da inportanteena, merkadilloko kamisetarekin edo Chanel trajea jantzita. Beraz, probatu eta esango diguzu.



Mila esker gure sekzioari jarraitzeagatik. Leire Francis

Josu Mendicute
2010-04-07 : 19:08

Andre nagusi hark arrazoia du nire ustez. Manifestazio baten helburua irudi bat ematea da, eta jende asko ikusteaz gain, uste dut garrantzitsua dela partaideen itxurak gure ideiei ematen dien balio erantsia. Adibide praktiko bat ikusteko:


  • Euskal presoen eskubideen aldeko elkarrateratze bat



Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Ukberri


  • ETAren aurkako manifestazio bat Madrilen



Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Rinzewind


Batean mendiko prakak eta forro polarrak, bestean trajeak eta Barbourrak. Erropak talde-identifikaziorako elementu bat gehiago dira, eta horrekin jokatu dezakegu -eta nire ustez jokatu beharko genuke- gure helburuak betetzeko. Horregatik, nire ustez garrantzitsua da manifestazio bat egin aurretik zergatik eta zertarako deitzen den jakitea. Bi helburu nagusi izan daitezkeenak aipatzearren:


  • Indar erakustaldi bat egitea taldearen animoak sustatzeko.

  • Arerioari erakustea gizartea non dagoen eta zer den guztiok defendatzen duguna.

Nire ustez egiteke dagoen gogoeta bat da Euskal Herrian. Marketinari bizkarra emanez bizi gara elkartegintzan, euskalgintzan, herrigintzan... eta gero ostiak datoz.


  • Euskaldunak jabetu behar ditugu Egunkaria ixtea astakeria izan zela? Ez, euskaldun guztiek badakite hori.

  • Ezker abertzalekoak jabetu behar dira presoak giza-baldintza penagarrian daudela? Ez, ezker abertzalekoek badakite hori.

Bi galdera plazaratu ditut baina beste edozein manifestaziotan aplikatu daiteke. Galdera hori egin ondoren, galdera honakoa litzateke:


Nola jantzita sentituko nau hurbilago konbentzitu behar dudan xede-talde horrek?


Egunkariaren aldeko azken makromanifestazio horretara joan nintzenean, Boluetan kotxea aparkatu eta ikusi nuen lehen koadrilan Ternua forro polarra eta txapela jantzita zihoazen guztiak. Aukeran, nahiago Egunkariaren alde pepero jantzita joan eta forroa eta txapela ETAren aurkako manifestaziorako uztea.


Esan gabe doa, aukeraketa horiek neurrian egin behar direla. Norbera eroso egotea ezinbestekoa da, noski. Baina aurreiritziak apurtzeko erraz baliatu dezakegu janzkera, eta gure herri honetan nago ez garela horretaz baliatzen.


xa2
2010-04-08 : 00:56

Marketinari bizkarra emanez bizi gara elkartegintzan, euskalgintzan, herrigintzan... eta gero "ostiak" datoz.


AHT Gelditu! Elkarlanean nenbilenean gogoeta hori behin eta berriz nerabilen buruan: Niri ez dit inorrek konbentzitu behar AHTa zein nolako zerrikeria den, aldiz, nire gurasoak, bere belaunaldikoak, horrelako "saltsetan" ez dabilen jendea... dira konbentzitu beharrekoak.


Anekdota bezala, taldeko lagunen bati, AHTaren aurkako mezua zabaltzerakoan herri honetan 1970ko hamarkada ezgeroztik ohikoak diren pankarta eta kartelak beraien lekua izan badezakete ere, mugikorrak erabiltzea genituela proposatu nion: Tonoak mugikorrentzat, melodiak AHTaren aurkako leloekin, pantaila fondoak AHTaren aurkako logoekin... ta horrekin depason taldearentzako xox batzu bildu, noski.


Lagunaren erantzunak txundituta utzi ninduen: "Tresna teknologiko horiek gure taldean erabiltzeak bizi dugun sistema kapitalista sostengatzeko balioko lukete"


Izuturik etxera joan nintzen.


Erantzun

Sartu