Teknologia albisteak

Obabara itzulera

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-09-20 : 20:09

Sei urte igaro dira Montxo Armendarizek Obaba filmatu zuenetik, eta beste zuzendari nafar bat ausartu da, berriz ere, Bernardo Atxagaren unibertso literarioa iruditan ematera, asteasuarraren nobela labur ezagunean oinarritua baitago Imanol Rayo zuzendari arbizuar gazteak ekarri digun Bi anai, bere lehenengo pelikula dena eta Zinemira sailean eskaini zaiguna.

Norbaitek zioen obra on bat gutxiesteko modu bi zeudela: bata, zuzenean jipoitzea; bestea, erdipurdiko lan askorekin batera goraipatzea. Goizean Esnalen pelikula txalotu eta gero, ez nituzke nire alabantzak urardotu nahi, eta penaz bada ere aitortu behar "Bi anai" hau hutsegindako pelikula dela.

Ez daukat dudarik Rayok dohain ugari eta nabarmenak dituela. Filmaren zuzendaritza artistikoa bikaina da, baita argazkia eta girotzea ere; gainera, nortasun sendoa duela ematen du, eta ez duela ohiko zinematografia egin nahi, kontamolde berritzaileagoekin arriskatu baino. Arriskatzea ez da beti asmatzea, ordea.

Naturaren irudi ederrak gorabehera (Tasio-ren atmosfera, gutxi-asko), gidoi nahasia du filmak, eta istorioa lehendik ezagutzen ez duenari minutu dexente kostako zaio anaia bien tragediari antzeman aurretik. Bestalde, aktoreen jarduera berezia dago: arima herratuak baino penatuago denak ere, eta testuak esaterakoan hieratikoki deklamatzen ari direnak ia-ia.

Gehiegizko anbizioak galdu du beharbada zuzendaria, Dreyer izatera jokatu eta erdibidean geratu dena. Ea hurrengoan.

Erantzun

Sartu