Sustatu logoa Teknologia albisteak

Urte askotarako, amona!

Xabier Mendiguren Elizegi
2011-09-20 13:09

"Aupa, Etxebeste"rekin jendearen txaloa eta irria lortu zuten Altunak eta Esnalek. Sei urte pasatuta, bigarren film luzea egin ahal izan du bietako bakoitzak. "Bertsolari"n beste bide bat hartu du Altunak; Esnalek, berriz, aurrekoaren ildoari segitu dio, familia batean girotutako komedia beltza eginez, baina ezaugarriak areagotuz: familiago, komediago eta, batez ere, beltzago.

Bikote batek bolada batean neskaren amona etxean hartu behar du, eta... Horraino irakurriko dut, pelikularen tripak agerian utziz gero galdu egingo baituzue ikusteko plazera; horixe baita ikusleak lortzen duena: filmak aurrera egin ahala gozatzea, ez baitu inongo momentutan behera egiten, eta belzkeriarik izugarrienekin ere barre egitea.

Meritua, konpartituta: Altuna eta Esnal gidoilariena; Esnal zuzendariarena, eta aktore talde zoragarri batena: Josean Bengoetxea eta Nagore Aranburu jenialak, Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi bikainak, Manex Bengoa haurra ere primeran, eta Montserrat Carulla aktore katalana amonarena egiten.

Esandakoa errepikatuz amaituko dut: zoazte ikustera, ez euskal kulturari lagunduko diozuelako edo merezi duen pelikula bat bultatuko duzuelako, ez horregatik bakarrik, baizik eta oso ondo pasatuko duzuelako.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu