Teknologia albisteak

Barredromoaren emaitzak prozesatzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-03-31 : 09:29

Dibertigarria izan zen atzo UEUk, bere 50. urteurrenaren eta Korrika Kulturularen aitzakia bikoitzarekin, Eibarren antolatu zuen zientzia-bakarrizketen Barredromoa ekitaldia. Guztiaren laburpena eman barik, bi zientzialarik eman zizkiguten lezio praktiko deskribatuko dizkizuegu. Esperimentu txiki bat egiteko denbora eman digu (!), eta minutu batzuk barru (10:40 aldera), Segura Irratiaren eta Twitch-eko Sustaturen zuzenekoaren bidez ere erakutsiko dizuegu.

Bakarrizketalariak bikain egon ziren, esperientzia gehixeago edo gutxixeago izan eszenan, barre eta txaloak atera zizkiguten guztiek. Oier Araolazak Eibarko herrian eskilara mekanikoak aurreskuekin lotuta daudela esplikatu zigun, Leire Narbaizak euskara zaintzeko señora-aholku dotoreak eman zizkigun, Ig Nobel sarietan sexuaz egin diren azterketa barregarrien berri eman zigun Ana Galarragak, bere aldetik Gorka Guenagak 50 urte atzera eta beste 50 aurrera begira jarri gintuen, Mirari Martiarenak UEUren prentsa bulegoan edo grafologia ikastaroetan ikas daitekeena azaldu, eta Koldo Garciak kontatu zigun Basauriko euskaldun normal samar bat izateagatik zelako sorpresak hartzen dituen jendeak.

Bi hitzalditxo aparte utzi ditugu. Barrea atera ziguten, baina enfoke praktikoarekin, zientzia topaketa batean bezala, azaldu zizkiguten euren gaiak Olatz Perez de Viñaspre informatikariak eta Josu Lopez-Gazpio kimikariak.

Perez de Viñasprek adimen artifizialaren alorrean egindako aurrerakuntzak erakutsi zizkigun, OpenAI GPT3 izeneko tresna batekin egindako jolasak erakutsiz. Aprobarako utzi dugu hori Segura Irratian esperimentua errepikatzen saiatzeko. (eguneraketa: beste artikulu honetan deskribatu dugu testu sorkuntza automatikoarena).

Puzker usainaren kimika

Josu Lopez-Gazpio kimikaria da, eta serio-serio aurkeztu zituen bere diapositibak giza-interes ageriko gai honi buruz: Puzker usainaren kimikak. Benetako ikerketak aipatuz, datu zehatz eta balekoekin, aurpegikeria ezin serioagoarekin agoantatu zituen jendearen algarak. Ikerketaren emaitzen artean esplikatu zigun puzker gehiago botatzen dituztela gizonezkoek emakumezkoek baino, baina kontzentrazio kimiko handiagoak emakumezkoenetan. Puzkerren airea nola bildu daitekeen ere azaldu zigun (puxikak, tutuak, babarrunak eta ipurtzuloak; elementu horien konbinazioa behar da).

 

Azterketa hauek alferrekoak ez direla ere azaldu zigun Lopez-Gazpiok. Tolosarra da gizona eta Tolosako babarrunekin lotutako ikergaia da, noski. Hain zuzen ere, puzkerlogiatik atera diren inbentoen artean, usaina xurgatzen duen arropaz gain, badira partxe batzuk jar daitezkeenak uzkiaren parean kantzontzilo eta kuleroetan, eta Lopez-Gazpiok iradoki zuen, hala nola itsaskiak zerbitatzean oihal busti perfumatuak ematen dituzten, babarrun-jana zerbitzatzen den tokietan partxe horiek banatu zitezkeela.

Benetan ere, ze gomendio praktikoa. Eskerrik UEUri jakingarri bikain hauengatik eta atzoko Barredromoa saioagatik. Eta urte askotarako.

Erantzun

Sartu