Irailaren 30ean abiatuko da denboraldi berria Egunean Behin jokoan. Gabonak bitartean, 12 asteko lehiaketa, 12 babeslerekin, galdera sorta berriak, eta gutxienez lehiaketa paralelo bat ere egongo da. tematikoa, ekainean Gidabaimenak Euskaraz ekimenarekin egin genuen bezalatsu. Babesleek sariak jarriko dituzte ohi bezala, eta denboraldikoak ere egongo dira, kasu honetan Bodegas Ribeirao etxeak jarritako Galiziako produktu sorta gozo batzuekin (irudian duzue adibide bat). Baina berritasuna dago sarien esleipenean: irabazle errepikaturik ez. Asteko irabazleak ez dira denboraldi barruan errepikatuko, eta denboraldi amaierakoetan 2022tik aurrerako saridunak ere salbuetsita egongo dira.
Saridunak ebazteko sisteman aldaketa dago beraz: aurrerantzean, ez da denboraldi batean asteko garailerik errepikatuko. Sailkapenak ez dira aldatuko, baina jokalari batek jada sari bat eraman badu aste batean 1.a geratu delako, hurrengo batean ere 1.a geratzen bada (denboraldi beraren barruan), 2.ari edo sailkapenean hurrengo den irabazi gabekoari esleituko zaio saria.
Denboraldi amaieran izaten diren hiru sari nagusietan ere, 2022tik aurrera izandako garaileak (denboraldi bakoitzeko 3 lehenak) salbuetsiko dira. Sailkapenari begiratuta, saririk gabekoen artean lehen 3ek jasoko dituzte sariak. Denboraldiko asteko sari bat irabazteak ez du jokalari hori sari nagusirik gabe utziko, arau hau aplikatzen da bakarrik aurreko denboraldietako sailkapenen arabera.
Uste dugu jende gehiagori jokoa erakargarri egiten lagundu dezakeela neurriak, sariak eramateko aukerak zabaltzen. Zozketaz ebazten diren sarietan ez da arau hau aplikatzen, eta astero egongo da bat, eta baita beste batzuk denboraldi amaieran.
Badaezpada argituko dugu, saridun batek erabiltzaile izena aldatzea ez dela modua salbuespen honetatik libratzeko...
Gainerakoan, adi, datorren astean albiste gehiago, eta irailaren 30ean, astelehenerakin, jokoa abiatuko da!
Erantzun
Sartu