Teknologia albisteak

Datorren astean, aukeran, Egunean Behin bi aldiz lehiaketa tematikoarekin

Erabiltzailearen aurpegia
2024-06-28 : 10:33

CodeSyntax-en garatu dugun joko/aplikazioan, Egunean Behin-en, aukera agian kontraesankor bat estreinatuko dugu datorren astean: egunean bi aldiz jokatzeko aukera. Lasai, zaletuok: jokoaren mekanika eta lehia berdin izango da, 10 galderako txanda bat asteroko lehiarako, eta hortik denboraldirako, edo taldeetako norgehiagoka markatzeko. Baina babesletza egiteko modu berri bat ireki dugu: erakunde jakin batek bere partidatxo sorta tematiko propioa jarri nahi badu martxan, bere talde propioan galdera bereziekin, horra aukera. Kasu honetan, Gidabaimenak Euskaraz ekimenak izango du aukera hau datorren astean, eta kasu honetan, partida gehigarri tematikoa nahi duten guztientzat egongo da irekita.

Argipen batzuk:

  • Bigarren partida ez da derrigorra, nahi duenak jokatuko du bakarrik. Talde batera gehitu beharko du apropos bere burua jokalari horrek.
  • Sailkapena dago bigarren partidan, baina ez du punturik gehituko lehiaketa saridun orokorrean.
  • Galdera tematikoak bezeroak prestatu ditu, eta sorta finito bat dira, jokalari guztiek berdinak jasoko dituzte.
  • Gidabaimenak Euskaraz ekimenak bere partida tematikoa jokalari guztiei eskaintzen die, baina posible da X erakundeak, adibidez, bere barne taldean antolatu nahi badu lehiaketa tematikoa, han barruan geratzea, barne kontsumorako.
  • Zazpi eguneko lehia aukerakoa da: asteko lehiaketarekin bat egiten du lehen adibide honek, baina beste norbaiti beste zerbait antolatzea interesa dakioke.

Lehen adibide honetan, Gidabaimenak Euskaraz-ekin ikusiko diren galdera tematikoak oso espezifikoak izango dira: gidatzeko baimena lortzeko testetan agertzen diren benetako galderak izango dira.

Parte hartu nahi baduzue, GE apropos sortutako taldera gehtiu zaitezte. Ireki Egunean Behin, beheko menuko Taldeak aukeran, Plus berdea sakatu, gero Giltza erabiliz aukeraren bidez, honako giltza sartu: GIDATU. 

Hala eginez gero, astelehenean aktibatuko zaizu partida extra.

Enpresa, erakunde, elkarte bat bazarete Egunean Behin aplikazioaren barruan lehiaketa tematikoa edo barne-lehia probatu nahi duzuenak, kontaktatu CodeSyntax-ekin, eskerrik asko.

Erantzun

Sartu