Teknologia albisteak

Euskaratu zure telefonoa Egunean Behin-en superzozketan parte hartzeko

Erabiltzailearen aurpegia
2021-11-01 : 09:20

Aste honetako Egunean Behin babesletza, eta berarekin lotutako sariak bereziak dira: telefonoak euskaratzeko Zure Hatz Marka Euskaraz kanpainarekin bat eginez, Egunean Behin jokoan telefonoa euskaratua dutenentzako izango da aste honetako zozketazko saria. Eta ez da bakarra izango, 12 telefono (txukun euskaratzen ahal direnak noski) zozketatuko baitira. Aplikazioa ere eraldatu dugu, jokalari bakoitzak ikus dezan ea euskaraz ala erdaraz duen konfiguratuta une jakin batean. Eta datu bilketa (anonimoa eta kolektiboa) ere egingo dugu, ea ze portzentaia dauden euskaraz aste hasieran eta amaieran.

Egunean Behin jokoa irekitzen baduzu, mezu bat edo beste ikusiko duzu, aurpegi alaia euskaraz baduzu jada, tristea erdaraz jarritako telefonoa baduzu.

(oharra: ez baduzu bata edo bestea ikusten, aplikazioa eguneratu mesedez)

Aurpegi gorriak esaten badizu erdaraz duzula telefonoa, igandera arte duzu egoera zuzentzeko. Azalpenekin orri berezi bat prestatu dugu. Horrez gain, Zure Hatz Marka kanpainaren webgunea ere badago, bideotutorialekin eta beste sustapen ekintza batekin, beste sariketa bat TikTok-zale eta Instagramerrentzat.

Sustatun bertan ere argitaratu dira instrukzioak, zer egin iPhone batekin eta nola euskaratu Android erabilienak (azken bi urteetako marka salduenak Euskal Herrian).

Android telefonoa baduzu, beste aukera bat da Lehen Hitza aplikazioa instalatzea, eta bere bidez egitea euskaraketa.

Guztiarekin, baliteke Android modelo zaharrago batzuk ezin euskaratu izana. Tira, denentzako ez da izango zozketa beraz, sentitzen dugu. Gogoratu, 12 Samsung A12 telefono zozketatuko direla, eta horiez gain, lehiaketa orokorraren irabazlearentzat, Oppo A53 bat, hori ere euskaratzeko modukoa eta kalitatean koxka bat gorago.

Informazio gehiago: https://eguneanbehin.eus/ZureHatzMarka/ 

Erantzun

Sartu