Egunean Behin jokoaren arrakasta eredua errepikatu nahian, CodeSyntax-ek Tagzania app berria garatu du. Eguneroko erronka planteatzen du app berriak, Euskal Herriko eta munduko tokiak identifikatzea mapa batean.
App-aren gakoak, Egunean Behinen testeatu ditugunak:
Jokoaren funtsa da Euskal Herriko eta munduko tokiak, irudi mugikorrez erakutsiak, mapa batean identifikatzea. Irudiak panoramikoak dira, eta ikuspegia mugitu dezake jokalariak, baita bideetan aurrera eta atzera egin. Geoguessr edo Openguessr bezalako mapa-jokoekin antza du Tagzaniak, baina edukia zaindu egin da, errepide galduak izan beharrean, Euskal Herriko eta munduko toki esanguratsuak dira Tagzanian erakusten direnak: Wikipediako datu libreak berrerabili dira tokiak identifikatzeko, eta emaitza ikustean, erabiltzaileak eskura izango du euskarazko Wikipediako esteka, toki bakoitzaz gehiago jakiteko.
Puntuak lortzen dira segun gertutasuna eta azkartasuna, eta horrekin sailkapenak osatzen dira (egunekoa, astekoa eta hilabetekoa), orokorki zein taldeka. Saririk ez dago (oraingoz), sailkapenetan agertzeko irrika espero dugu izatea bultzagarri, bereziki talde pertsonalizatuetan.
Hona pantaila irudi batzuk:
Publizitatea ezarri dugu aplikazioan. Jokoa plazaratzen dugun une honetan ez dakigu zehatz nolako gastua eragingo digun kudeaketak, eta diru irteerak ahal bada sarrerekin estaltzea komeni zaigu. Zenbakiak eta balantzea nola doazen ikusita, publizitatea murrizteko edo kentzeko moduak aztertuko ditugu. Bitartean, funtzionamendu hau etsigarria iruditzen bazaizu, sentitzen dugu, oraingoz Tagzania ez da zuretzat.
App berriaren Tagzania izena ezaguna suerta daiteke batzuentzat, 2005. urtean martxan jarri zen mashup 2.0 proiektu bat izan zen. Erabiltzaileek mapa batean nork bere erreferentziak gordetzeko webgune bat izan zen, CodeSyntax-ek sortua, tag edo etiketetan oinarritua (web 2.0 aroko beste kontzeptu ezagun bat izan zen tag edo folksonomiena).
Aplikazioaren garapena Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu dute.
Probatu nahi baduzu, mugikorretik instalatzeko hemen, eta informazio gehiagorako Tagzania.com
Erantzun
Sartu