Teknologia albisteak
1

Sustatu argazki-artxibo gisa: Argazkiak.org-en integrazioa webgune honetan

Erabiltzailearen aurpegia
2015-03-13 : 12:22

Aukera berria duzue gaurdanik Sustatuko erabiltzaileek. Edukia gehitzeko aukeretan, fitxa berria duzue, Argazkia kargatzekoa, eta hortik irudiak igo daitezke. Aukera hau, Argazkiak.org webgunea Sustatun integratzearen ondorioa da.

Duela 7 urte, 2008ko udan, zerbitzu berria jarri zuen martxan CodeSyntax-ek: Argazkiak.org. Ez da suertatu ez Flickr, ez Fotolog eta ez Imgur, baina eduki du bere erabilpena. Mila erabiltzaile baino gehiago erregistratu ziren, eta 9.000 argazki inguru kargatu ziren Argazkiak.org-en, denak ere Creative Commons aitortu-partekatu lizentziarekin.

Argazki libreen bilduma ederra osatu da, beraz, 7 urte hauetan, baina atea ixteko ordua heldu zaio. Aparteko zerbitzu gisa garatzen jarraitzea eta mantentzea konplikatua egiten zitzaigun. Sustatun integratua, zerbitzuaren (eta pilatutako ondarearen) biziraupena ziurtatzen dugu, domeinua sakrifikatzen dugun arren.

Argazkiak.org-ko eduki hori guztia ez da galdu, ordea. Sarean diraute eta Sustatura ekarri ditugu, lizentzia librea erabilita. Eta lizentzia berarekin jarraitzen du guztiak, noski, eduki libre gisa. Erabiltzaile profil bakoitza ere Sustatura ekarri dugu. Eta, jakina, funtzionalitateen sorta ere bai.

Argazkiak.org ixten da, baina hura erabiltzen zuenak jarraitu dezake Sustatun zerbitzu bera disfrutatzen. Irudiak eta argazkiak gehitzen jarraitu dezakezue erabiltzaileok. Irudi libreen 9.000 aleko artxiboak handitzen jarraituko du.

9.000 argazki horiek, Amazon-en S3 zerbitzarietan gordetzen ziren lehen (bakoitzaren lauzpabost bertsio, gainera, tamainen arabera), sareko lainoan, esan ohi den bezala, eta orain ere han jarraitzen dute: izatez, Sustatuko irudi multzoa ere laino horretara igoko da aurrerantzean. Tumblr edo Pinterest zerbitzuetako argazkiak ere, izatez, Amazon S3n gordetzen dira; orain Sustatukoak ere bai.

Argazkiak.org-ek zuen funtzionalitateetako bat zen itsaste kode erraz bat eskaintzen genuela irudiak beste webgune batzuetan jartzeko. Hona adibide bat:


Argazkiak.org | ondarroa130716 © cc-by-sa: txikillana

Orain, jatorrizko webgunea desagertu arren, horrek funtzionatzen jarraituko du, itsaste-kodearen iraupenaz arduratu gara; eta Sustatuko aukeretan ere badago, noski, itsaste-kodea.


Sustatu.eus | Argazki bakoitzarekin, aukerak Sustatun © cc-by-sa: sustatu

Era berean, Argazkiak.org-en zegoen argazki bakoitzaren URL-a, desbideratu egingo da, automatikoki, Sustatu.eus-en izango duen kokapen berrira. Erabiltzaile profilei dagokienez, argazkiak.org/urlia izeneko erabiltzaile izena sustatu.eus/arg_urlia bihurtu da, berez, baina erabiltzaileek Sustatun aldez aurretik erabiltzaile bat baldin bazuten, harekin fusionatu egin dezakegu. Aproba batzuetan egin dugu hori. Beste erabiltzaile batek, arg_berendia izan barik, beste izen bat erabili nahi badu Sustatun, jar dadila gurekin kontaktuan e-postaz: sustatu (a bildua) sustatu.com

Sustatuko profil berrietan, beraz, Argazkiak ere agertzen dira orain. Eduki-mota desberdinena hobeto antolatzeko, aukera menu bat ere jarri dugu profil-irudiaren azpian. Hortik irits daiteke bat erabiltzaileak dituen artikuluetaramezu laburretara, erantzunetara eta argazkietara ere bai.


Sustatu.eus | Erabiltzaileen profilean, argazkiak © cc-by-sa: sustatu

Hortaz, agur eta eskerrik asko Argazkiak.org, Sustatun jarraituko dugu argazki-artxiboaren funtzio honekin.


Edukia formateatzeko arazoak

Eraldaketa hau egiteko, Sustatura edukia kargatzeko moduloa ere ukitu dugu, argazkien aukera jartzeko. Hori egiteko orduan, artikuluak kargatzeko fitxan edukiari formatua emateko sistema hondatu zitzaigun. Pare bat astez erabiltzaileok artikuluei formatua ezin modu egokian emanda eduki zaituztegu. Azkenean, Argazkiak.org-eko integrazioaren azken ukituak doitzearekin batera, hori konpondu ahal izan dugu. Eskerrik asko erabiltzaileoi zuen pazientziagatik, eta barkatu eragozpenak.

Erantzunak

2015-03-27 : 13:44

Gehikuntza pare bat, Argazkiak-org-eko edukien trantsizio hau osatzeko. Sustatuko azalean eta albo-zutabean bloke bat gehitu dugu kargatutako azken argazkien berri ematen duena.


Sustatu.eus | Argazkien atala Sustatun © cc-by-sa: sustatu

Eta atal berezitu hau ere: http://sustatu.eus/jarduna/argazkiak

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago