Sustaturen 25. urteurrena ospatzeko, topaketa eta ospakizun txikia antolatu dugu hausnarketarako. Durangoko Azokan izango da, Kabi@ espazioa digitalaren egitarauan, datorren abenduaren 4an, ostiralarekin, arratsaldez.
Abenduak 4, ostirala. Durangoko Azoka. 16.00etatik 18.00etara izango da jardunalditxoa, eta hiru osagarri izango ditu:
- Elkarrizketa: Ana Galarraga (Elhuyarreko Zientzia Komunikatzailea) eta Luistxo Fernández (Sustatuko Editorea)
- Influentzia, post-Web eta post-Sustatu: Iruñe Astiz (@Arkkuso), Andrea Gonzalez Valle (@andrgzv) eta Ian Ruiz Lizaso (@ianruizzzzz)
- Iritzi eta informazio digitala 2026an, borrokak, nekeak eta soluzioak: Iban Aranzabal (Goiena) eta Gorka Zabaleta (Guka, UKT). Moderatzaile: Ana Galarraga.
Bertan izango diren lagunak:
- Luistxo Fernandez (Eibar, 1966). Kazetari beste bizitza batean, 21. mendean IKT eta Internet proiektuetan lanean batez ere CodeSyntax enpresan. Sustatu 2001ean sortu zelarik Goiena eta CodeSyntax artean, orduan han zebilen, eta mende laurdena igarota orain ere bai. Editore-edo, horixe titulua Sustaturen organigrama ez oso konplikatuan.
- Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, 1970), komunikatzaile eta kazetaria, dibulgatzailea Elhuyarren, literatura-astintzailea (Literaturia, Frankenstein agurgarria), Formakuntzaz, albiataritzan eta elikagaien zientzia eta teknologian lizentziatua ere bai.
- Iruñe Astitz (Barañain 1991), kazetari, komunikatzaile eta irakaslea. @Arkkuso sareetan. Topaketako erdiko blokea gidatuko du.
- Andrea Gonzalez Valle (1999, Bergara) komunikatzailea; sarean @andrgzv zein @holazuek izenarekin edukia sortzen du. Bergarako saltsera honek Youtuben, Instagramen eta TikToken vlogak, iritzia eta gustoko dituen inguruko edukia partekatzen du.
- Ian Ruiz Lizaso (2003, Zarautz) eduki-sortzailea eta kazetaria da (Gaztezulon gau gaunean . Marmarrian podcastaren sortzaile eta aurkezlea da, eta Instagram, TikTok eta YouTube (@ianruizzzzz) bezalako plataformetan informazioa, iritzia eta entretenimendua euskaraz lantzen ditu.
- Iban Arantzabal (Elgeta, 1975), kazetaria. Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusia eta Tokikom euskarazko tokiko hedabideen bateraguneko presidentea da.
- Gorka Zabaleta (Zumaia, 1973), kazetaria. Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) zuzendari nagusia da. Guka.eus da sarean UKTren aurpegia.
Sustaturen gaineko solasaren ondoren, "Influentzia, post-Web eta post-Sustatu" blokean, Astitz, Gonzalez eta Ruizek komunikazio digitalaren aurpegi edo joera berrienez jardungo dute. Sustatu 2001ean hedabide digital huts gisa jaiotzea, parte-hartze kolektibo batera irekia, eta idatzitako testuan oinarritua, nobedadea izango zen, baina 2026an beste molde batzuk dira nagusi: ikus-entzunezko sorkuntza, komunikatzaile pertsonala plataforma ezagunetan posizionatuta... Informazio eta komunikazioa da: hedabide dira? Beraiek esango digute.
Azken blokean, berriz, Ana Galarragak moderatuta, euskarazko tokiko hedabideetako bi kazetari eta kudeatzaile aditu eta esperientziadun, Arantzabal eta Zabaleta. 'Iritzi eta informazio digitala 2026an, borrokak, nekeak eta soluzioak'; izen hori jarri diogu atalari. Aitzakia zehatz parearekin deitu ditugu: iritzi digitala, informazio digitala. Iritzi digitalaren aldetik, iritzi/zentsura polemika jakin batekin izan dute nekerik Goienan aurten; eta Gukaren kasuan informazio digitala nola mugitzen den sareetan pairatu dute aurten; gertakari larri bat herri batean, eta hedabide euskaldun batek hori tratatzeko katramila profesional, etikoa...
Aurrekoak bi orduz agoantatzen dituenarentzat, aperitifa amaieran Sustaturen 25 urteak ospatzeko. Gonbidatuta zaudete.