Sustatu logoa Teknologia albisteak

PuntuEus domeinuen lorpen handia

Sustatu
2026-11-17 12:49

Gure historia errepaso eginez, 25 urte hauetako sortan, 2014ko ekainean Sustatu.eus bihurtu ginela da aipagarri, ordura arteko Sustatu.com atzean utzita. Ez zen urrats unilaterala izan, noski, PuntuEus fundazioak urteetan egindako ahalegin eta lobby-lanen emaitza baizik, urte hartan euskaldunentzako domeinua edukitzea gauzatzea ahalbidetu zuena.

2014ko ekainaren 28a dago markatua .eus domeinuen jaiotza, baina gure artxiboaren arabera, bezperan (ekainaren 27an) aktibatu ahal izan genuen Sustatu.eus. Baina aurkezpen kolektiboa ekainaren 28an izan zen.

Oraindik ez zegoen .eus-ak libreki erregistratzeko aukera, eta sustapen ekintza bat egin zen: 100 domeinurentzako aukera berezi bat ireki zuen PuntuEus-ek, eta multzo horretatik, nonbait, 92 aktibatu ziren egunen bertan. 92 horietatik 9 enpresak izan ziren, 23 erakunde publiko, 14 hedabide Sustatu barne, eta azkenik, 46 entitate euskal kulturgintza barruan koka zitezkeenak (mota eta sektore ezberdinetako entitateak). Horietatik guztietatik 22, PuntuEus Fundazioko kideak izan ziren.

2014. urtearen amaierarako erregistro sistema prest jarri zen, eta urte hartako abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, beste 1.292 .EUS domeinu aktibatu ziren. Gaur egunean, 17.725 domeinu daude erregistratuta PuntuEus-en estatistika panelaren arabera, eta hazkundean jarraitzen du joerak, 10 urte betetzean 15.000 baino gutxieago baitziren (orain 12 urte pasa dituzte PuntuEus domeinuek). Fomeinuaren bideragarritasunaren muga aski gaindituta dago.

Aldaketa gertatzean ordura arteko Sustatu.com esteka guztiak desbideratu genituen .eus URL-etara, eta hala jarraitzen dute oraindik ere. Duela 20 urteko estekak sortu eta gorde baziren inon gure edukiarekin eta .com URL batekin, funtzionatzen segitzen dute, eta orain gure artxiboan gordeta daude .eus gisa, 2014 artekoak, eta gerokoak ere bai.

Jarraitu gaitzazu